Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Udalak 1.107.000 euro bideratuko ditu Muguru inguruko kaleak urbanizatzeko

Beste batzuk   2022/07/27

Herriko kaleak berritu eta txukuntzeko lanetan aurrera jarraitzen du Galdakaoko Udalak eta beste hiru kale urbanizatuko ditu laster: Bilbo, Sollube eta Muguruko landaren alboko kalea. Biharko osoko bilkuran onartuko da Aldundiaren dirulaguntza bat horretara bideratzea, eta udazkenean espero da hasiko direla lanak. 

Zehazki, 1.107.000 euro bideratuko dira lan horietarako, honako partidetan banatuta: Muguruko landaren alboko kalea, 580.000 euro; Bilbo kalea, 296.000 euro; Sollube kalea, 231.000 euro. Ganekogorta eta Lapurdiko kaleen urbanizazioa bukatu da, eta aipatutako kale horiek atontzeari ekingo zaio orain.

Lanen helburua erdigune atseginagoa lortzea izango da, oinezkoen segurtasuna eta mugimendua lehenetsiz. Errepideak eta espaloiak berritu, irisgarritasuna hobetzeko bien arteko maila berdindu, eta argiteria, seinaletika eta hiri altzari berriak instalatuko dira. Udal Gobernuaren ustez, lan hauek, herritarrentzat oro har ez ezik, tokiko merkataritza zein ostalaritzarako ere onuragarriak izango dira.

Osoko bilkurak aurrekontu moldaketa bat onartu behar du lehenik horretarako, eta biharko saioan egingo da hori. Ondoren, uda ostean enpresek eskaintzak aurkezteko aukera izango dute. Udaleko hirigintza eta kontratazio zerbitzuak jada lanean ari dira udazkenean lanak has daitezen.