Igo
  • 2019/12/12

Udala, herriko industriaguneen eraginkortasuna nola hobetu hausnartzeko ariketan

Herriko industrialdeen errealitatea ezagutu, egungo egoeran duten eragina aztertu eta horien eraginkortasuna hobetzeko aukerei buruz hausnartzeko lanean jarri da Galdakaoko Udala. Instituzioen eta enpresen arteko elkarlan aukerak aztertzeko, jardunaldi bat egin dute udaletxean ordezkaritza duten talde guztiek eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek, besteak beste.


Galdakaoko Behargintzaren ekimenez, lan saioa egin dute Ostalaritza Eskolan. Iņigo Hernando alkatea buru, udal gobernuko zein oposizioko talde guztietako kideek elkarrekin egin dute ariketa: Aldundiak industrialdeak hobetzeko duen programa azaldu du Borja Lastra Garapen Ekonomikorako zuzendariak, Arrigorriagako enplegu teknikaria den Eider Arostegik Martiartu 1 industriagunearen esperientzia kontatu du, eta ondoren, Galdakaoko ordezkariek lan taldeetan hausnartu dute herriko errealitatearen inguruan.


Enpresek ondasuna sortzeak herritarrei ongizatea dakarkiela ondorioztatu dute, eta hartarako industriagune egokiak behar direla. Behargintzak jakinarazi duenez, Erletxeko industriagunean hobekuntzak egingo dituzte aurrerago landuko den proiektu osoago baten lehen fase gisara.