Igo
  • 2020/02/20

Udal gobernuak proposatutako aurrekontua onartu da: aldeko 12 boto, 6 abstentzio eta aurkako 3 boto

Aldeko 12 botorekin, 6 abstentziorekin eta  aurkako 3 botorekin onartu da Galdakaoko aurrekontua. Udal gobernua osatzen duten EH Bilduko 6 ordezkariek, Auzoak taldeko 3ek, Usansolo Herriako biek eta Podemosekoak baietz esan diote proiektuari. Oposizioan daudenen artean, EAJko 6 ordezkariek abstentzioaren aldeko hautua egin dute, eta PSEko 2 kideek zein atxiki gabeko zinegotziak aurkako botoa eman dute.


Guztira 23 zuzenketa aurkeztu dituzte oposizioko taldeek. Horietako hainbatekin ados agertu da udal gobernua; are, gobernuak berriki aurkeztu duen gobernu planean jasotako neurriak izan dira horietako 14. Ekarpenak eskertu ditu Iņigo Hernando alkateak, baina gobernu planean bildutako proiektuak datozen urteetan gauzatzea aurreikusita dagoela azaldu du, eta gainontzekoak egikaritzeko aurre lanketa beharrezkoa dela. Hartarako gonbita luzatu die, beraz, oposizioko taldeei; ados dauden proiektuetan elkarlanean aritzekoa. Hain zuzen, aurrekontuak onartzera arteko bidean lanketa hori egiteko asmoa zuela adierazi du alkateak; osoko bilkurara iritsi aurretik akordioak lortzea zela bere nahia. Oposizioak zuzenketak plenoaren bezperan aurkeztuta, ordea, negoziazio hori ezin izan dela egin azaldu du.


Bai alkateak, bai udal gobernua osatzen duten talde guztiek eta bai oposizioko taldeek pena adierazi dute adostasunak lortu ez izanagatik. Baina aurrera begirako jarrera ona azaldu dute alde guztiek eta bat egin dute adierazpen batean: "Oraingoan ezin izan da baina aurrera begira akordioetara iristeko prest gaude". Are, akordioak erdietsiko dituzten ustea azaldu dute.


Gauzak horrela eta zuzenketak atzera botata, bere horretan onartu da 37.552.842 euroko aurrekontu proiektua, bi orduko eztabaidaren ondoren.