Igo
  • 2020/01/09

Udal basoen gaineko diagnosia eskatu dio udalak aldundiari

Lur eremu zabala eta askotarikoa du Galdakaok eta, tartean, asko dira dituen mendialde eta basoak. Lur horien kudeaketa ahalik eta egoki eta iraunkorrena izan dadin, egoerari buruzko informazio zehatz eta osatua nahi du udalak.


Bizkaiko Foru Aldundira jo du horretarako. Udal lurren kudeaketa aldundiaren esku dagoenez, ea 2018tik lur horien inguruko diagnosirik egin duen galdetu dio Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari.


Diagnosirik baldin badu, zer elementu aztertu dituen zehazteko eskatu dio: batetik, ea alor ekologikoa kontuan hartu den; alegia, bioaniztasunari, CO2 metaketari, hondakinei eta antzeko elementuei erreperatu zaien. Bestetik, lur horiek aisialdirako erabiltzen diren azaltzeko ere eskatu dio: ibilbideak dituzten, kirola egiteko prestatuta dauden edo aisialdiari lotutako azpiegiturak dituzten. Eta hirugarrenik, ekoizpenerako erabiltzen diren ere zehazteko esan dio: egur aprobetxamendurako edo beste aprobetxamendu batzuetarako erabiltzen diren lur horiek.


Egoeraren diagnosi zehatza eskuartean izanda, baso lurrak ahalik eta egokien kudeatzeko neurriak hartzea da ekimenaren helburua.