Igo
  • 2019/09/24

Udal aurrekontuetatik milioi bat euro zertara bideratu galdakoztarrek erabakiko dute

Udalbatzak datorren osteguneko saioan baiezkoa eman ondoren, parte hartze prozesu bat abiatuko da Galdakaon. Udalak 2020rako aurkeztuko duen aurrekontuen zati bat (1.000.000 euro) zertara bideratu aurrekontu parte-hartzaileen bidez erabakiko da.


Irailaren 30ean emango diogu hasiera bide horri. Gure herriko auzokideen parte-hartze zuzena bultzatu nahi dugu horrela, hitza haiei eman, eta demokrazia parte-hartzaile eta zuzena bultzatu. Udal administrazioa eta herritarren arteko harremanean sakondu nahi dugu, gure herriak dituen beharren gaineko hausnarketa eragin eta denon arteko elkartasunera lotu. Lortu nahi duguna, beraz,  zera da: gardentasun eta efizientzia handiagoa udalaren kudeaketan.


Prozesu honek lau etapa izango ditu:


1) Informazioa ematea eta herritarren proposamenenak jasotzea. Hiru bide izango dituzte herritarrek proposamenak egiteko: Udalaren web orria, herriko hainbat tokitan egingo diren asanbladak, eta herriko gune ezberdinetan jarriko diren buzoiak. Irailaren 30etik urriaren 3ra artekoa izango da proposamenak egiteko epea.


2) Aurkeztutako proposamenen balorazio teknikoa. Proposamenak aurkezteko epea amaitu bezain laster hasiko da teknikarien balorazioa.


3) Onartutako proposamenen aurkezpena eta botaketa. Bozkatzeko onartuak izan diren proposamenak urriaren 24 aurkeztuko dira Torrezabal Kultur Etxean. Botaketa  udalaren web orriaren bidez edo hainbat gunetan jarriko diren hautetsontzietan egin ahalko da. Urriaren 28tik 30era bitartean eman ahalko da botoa. Bozketaren emaitzak azaroaren 7an argitaratuko dira eta aurrekontuan txertatuko diren proposamenak azaroaren 8an aurkeztuko dira udaletxean eta hedabideen aurrean.


4) Prozesuaren jarraipena eta ebaluaketa.


Prozesuan parte hartzeko,  16 urtetik gorakoa izatea eta Galdakaon erroldatua egotea eskatuko da.


Informazioa jasotzeko asanbladen nondik-norakoak erantsitako dokumentuan azaltzen dira.

AurrekontuPartehartzaileenAsanbladakGDKO.pdf