Igo
  • 2021/04/25

Txistu doinuak, Juan Carlos Irizarren lana eskertu eta agur esateko

20 urte baino gehiagoz izan zen Galdakaoko Musika Bandaren zuzendaria eta galdakoztar askoren maitasuna bereganatu zuen Juan Carlos Irizarrek. Musikagile, pianista eta orkestra zuzendaria ostegunean hil zen, Aizarnazabalgo bere etxean.


Musikarekiko pasioa hainbat belaunaldiren artean zabaltzeaz gainera, talde lanaren aberastasuna erakutsi zien, eta Galdakaoko Udalak ere hala egin dio agurra: Irizarrek horrenbeste maite zituen txistu doinuak taldean jo dituzte bere ikasle eta kide izan ziren bederatzi txistularik, gaur eguerdian; Kurtzeko plaza "Agur Jaunak"-en doinu sentituz jantzi dute.


Galdakaori emandako guztia aitortu eta eskertu nahi izan dute horrela bai Udalak ( udaltalde guztietako ordazkariak egon dira) eta bai Irizarrek kide izan zituenek, eta oso modu xume baina sentituan eman diote agurra. "Agur Jaunak"-en ondoren, minutu bateko isilunea gorde dute bertaratutakoek.