Igo
  • 2021/09/27

Txertaketarako gune izateari utzi dio Urreta kiroldegiak eta ohiko jardun guztiak berreskuratuko ditu asteazkenetik aurrera

Milaka txertaketa egin ondoren, ohiko funtzionamendura itzuliko da Urretako kiroldegia asteazkenean. 40.000 pertsona baino gehiago txertatu dira Covid-19aren aurka bertan, maiatzean txertaketetarako egokitu zenetik. Herritarren inmunizazioa azkartu nahian bertan txertatzeko aukera Osakidetzaren esku jarri zuen Galdakaoko Udalak, eta lan horretan aritu dira Osakidetzako langileak Urretako kiroldegian, larunbata arte. Erabat aberatsa izan da elkarlana.

Urretan Galdakaoko eta Arratiako herritarrak txertatzeari ekin zitzaion maiatzean, baina, Basauriko eta Laudioko txertaketa guneak itxi ondoren, inguruetako txertaketa gune nagusi bihurtu zen Urretakoa, eta, Gadakaoko eta Arratiako herritarrak ez ezik, Etxebarriko, Basauriko, Arrigorriagako, Aialako eta Laudioko herritak ere Galdakaora etorri dira txertatzera.

Bertako txertatze kanpaina amaituta, gaur eta bihar itxita mantenduko da kantxa, eremua behar bezala garbitu eta egokitzeko. Asteazkenetik aurrera erabili ahalko da ohi bezala, eta beraz, Basket Ibaizabalek, Lagun Onak-ek eta Boleibol taldeak entrenamenduak egin eta partidak jokatu ahalko dituzte bertan, berriz ere.

Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritar eta erabiltzaile guztiei, eragin zaizkien kalteen aurrean erakutsi duten jarrera ulerkorragatik eta talde premia norbere interesaren aurretik jarri izanagatik. Entrenamenduak bertan egiten dituzten taldeei bereziki adierazi nahi die esker on hori.