Igo
  • 2021/10/06

Torrezabalen egingo da garajeen zozketa urriaren 15ean, 13:00etan; zozketarako zenbakiak banatu dira

Iturrondo, Lapurdi, Paopa, Berezikoetxe eta Laminarrietako garajeetako plazak errentan emateko zozketa urriaren 15 eguerdian egingo da, ostiralarekin. 13:00etan hasiko da Torrezabaleko areto nagusian, eta publikoa izango da. Interesa dutenek bertaratu ahal izango dute, aforoa bete arte.

Zozketan parte hartuko dutenen behin betiko zerrenda argitaratu da dagoeneko, eta, zerrendarekin batera, bakoitzak zozketarako izango duen zenbakia. Garajeka banatu dira zenbakiak, eta zozketa ere hala egingo da, alfabetikoki antolatuta: Berezikoetxeko aparkalekuei dagokiona egingo da lehenik, Iturrondori dagokiona ondoren, eta Laminarrieta, Lapurdi eta Paopari dagozkienak gero, hurrenez hurren.

Zozketa bakoitzean zenbaki bat aterako da, eta hortik aurrerako zenbakiei egokituko zaie plaza, guztiak agortu arte. Hortaz, arina izango dela espero da. Itxaron zerrenda ere osatuko da ondorengo zenbakiekin. Bakoitzari egokitutako plaza ere herrenkera horren arabera banatuko da, eta beraz, plazak ezingo dira aukeratu.

www.galdakao.eus webgunean ikusgai daude garaje bakoitzerako hautagaien behin betiko zerrendak, eta bakoitzari dagokion zenbakia. Webgunearen orri nagusian, behekaldean dagoen "Aparkalekuen eskaerak" bannerrean sartu, eskuinaldean kokatutako "Hasitako promozioak. Aukeratu" atalean klikatu, nork bere parkinga aukeratu, eta "Kontsultak" atalean daude behin betiko zerrendak eta bakoitzari dagozkien zenbakiak.