Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Torrezabalek kalitate handiko 23 ikuskizun eskainiko ditu ekainera arte bere urteurrenaren programazio berezia ixteko

Kultura   2025/01/10

Gorka Urbizuk emango dio amaiera borobila urteurreneko programazioari. Ana Goitia, Antxon Telleria, Anari, Da Capo, Enrique Solinis eta Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore ere izango dira Galdakaon, besteak beste

Torrezabal Kultur Etxeak 30 urte bete ditu galdakoztarren topagune kulturala izaten. Hiru hamarkada hauetan, espazio zirraragarri gisa finkatu da, proposamen ausart eta bereizgarriez gozatu ahal izateko. Eta hori lortu du programazio aberats eta askotarikoari esker, herritar guztien gustuak eta beharrak asetzeko pentsatua.

Horrela, 2024an oroitzapenezko programazioaren lehen zatia amaitu ondoren, Galdakaoko Udalak gaur aurkeztu du bigarren zatia. Hau datorren ostiralean, urtarrilaren 17an, hasi eta ekainaren 13ra arte luzatuko da. Aurkezpenean Iñigo Hernando, Galdakaoko alkatea; Edurne Espilla, Kultura zinegotzia; Katrin Schlegel, Udaleko kultur programatzailea; Enrike Solinis musikaria; eta Luis Orduña, Ines Vaquero eta Andres Conte, Da Capo Musika Bandako zuzendaria eta kideak izan dira. 

Edurne Espilla zinegotziak esan duenez, hurrengo sei hilabeteetako programazioak “punta puntako ikuskizunak izango ditu”. Hauek denetariko genero eta estilokoak izango direla nabarmendu du, “baina ezaugarri amankomunarekin: kalitatea”, ziurtatu du. Izan ere, Espillaren ustez, “Galdakao eta Torrezabalera etortzea apustu segurua bihurtu da”. Ildo horretan, joan diren urteurrenaren lehen hiru hilabeteetan galdakoztarrek antzerkiaz, musikaz edo dantzaz “pila bat gozatu” dutela, “gehienetan antzokia betez”, adierazi du. 

Iñigo Hernando alkateak, bere partez, “kultura ardatz ezinbestekoa” dela “Galdakaon bizi eta bakoitzak nahi duenarekin disfrutatzeko” esan du. “Horretan egiten dugu lan eta erreferentzialtasun hori inguruan edukitzea oso garrantzitsua da guretzako”, aitortu du. Hori lortzeko “zutabe handiena Torrezabal da”, eta alkatearen iritziz “kariñoz betetako programazioa osatu da”. Gainera “jendearen erantzuna oso ona izaten ari da, eta hori da bidea”, zoriondu da alkatea. 

Enrique Solinis galdakoztarrak, Euskal Barrok Ensemble taldeko zuzendariak, taldeak sortu duen Euskelele ipuin musikatua aurkeztu du. Donostiako Kursalean eta Bilboko Arriaga Antzokitik pasa eta gero, “orain Galdakaora etortzea zoragarria” dela aitortu du. Bere lana ume eta familiei zuzenduta dago eta “arrakasta handia” edukitzen ari dela ziurtatu du.    
Beste aldetik, Da Capo Musika Bandako kideek haientzat ere “oso urte berezia” dela nabarmendu dute. Izan ere, taldearen jaiotzaren 10. urteurrena da aurten eta “kolaborazio interesgarri askoko sasoia” prestatu dute. Torrezabalen, zehazki, hiru kontzertu izango dituzte: bat otsailean, Abraham Cupeirorekin; beste bat martxoan, Celia Davila eta Daniel Lozanorekin; eta azkena maiatzean, haien ‘Printze txikia: bidai magikoa’.

Bukatzeko, Katrin Schlegelek programan guztira 23 ikuskizun egongo direla zehaztu du. Haien artean hurrengo ostiralean izango den “hasiera oso potentea” nabarmendu du: ‘Casting Lear’ekin. Horrez gain, ‘Miñan’ artedrama, ‘El bar nuestro de cada día’ eta ‘Renata’  azpimarratu ditu helduentzat, eta ‘Historia de Lana’, ‘Alizia lurralde miresgarrian’, ‘Scrooge eta mamuak’, umeei zuzenduak. Gainera, Ana Goitiaren ‘Katana’ eta Antxon Telleriaren ‘Ninini’ bakarrizketak nabarmendu ditu, baita, musikaren aldetik, Anari abeslari euskalduna eta Gorka Urbizuren kontzertua ere. Azken honek ‘Hasiera bat’ bere bakarreko lehen diska aurkeztuko du, “kalitatez betetako eta gozatzeko programazio oso bati amaiera borobila emateko”.

Urtarrila eta ekaina bitarte Torrezabalek hartuko duen egitarau osoa hurrengoa da:

  • Urtarrilak 17: ‘Casting Lear’ ikuskizuna, 20:00. 
  • Urtarrilak 24: ‘Miñan’ antzezlana, 20:00. 
  • Urtarrilak 25: Euskal Barrok Ensembleren ‘Euskelelea’, 18:00. 
  • Urtarrilak 31: ‘El bar nuestro de cada día’ ikuskizuna, 20:00. 
  • Otsailak 8: ‘Scrooge eta mamuak’ antzezlana 18:00. 
  • Otsailak 14: ‘Itzulera’ ikuskizuna , 20:00. 
  • Otsailak 16: Da Capo Musika Bandaren ‘Pangea & Abraham Cupeiro’ kontzertua, 13:00. 
  • Martxoak 1: ‘Moko’ ikuskizuna, 18:00. 
  • Martxoak 2: ‘Sotobosque’ antzezlana, 12:00 eta 17:00. 
  • Martxoak 7: Ana Goitiaren ‘Katana’ bakarrizketa, 20:00. 
  • Martxoak 14: ‘Guapa’ antzezlana, 20:00. 
  • Martxoak 22: ‘Historia de la lana’ ikuskizuna, 18:00. 
  • Martxoak 29: Anariren kontzertua, 20:00. 
  • Martxoak 30: ‘En Danza’, Da Capo Musika Banda, Celia Dávila eta Daniel Lozanoren kontzertua, 13:00. 
  • Apirilak 6: ‘Lana’ obra, 19:00. 
  • Apirilak 11: Antton Telleriaren ‘Ninini’ bakarrizketa, 20:00. 
  • Apirilak 12: ‘Alizia lurralde miresgarrian’ antzezlana, 18:00. 
  • Maiatzak 11: ‘OTS’ dantza ikuskizuna, 19:00. 
  • Maiatzak 16: ‘Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán’ obra, 20:00. 
  • Maiatzak 18: Da Caporen ‘Printze txikia: bidaia magikoa’ kontzertua, 13:00. 
  • Maiatzak 23: ‘Renata’, 20:00. 
  • Maiatzak 31: Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren ‘Ostirala iritsi da!’ ikuskizuna, 17:00 eta 19:00. 
  • Ekainak 13: Gorka Urbizuren kontzertua, 20:00. 

Sarreren salmenta orokorra urtarrilaren 12tik, igandea, aurrera izango da. Bazkideek lehentasuna izango dute, gaur, urtarrilaren 10a, 16:30etik 19:30era eta bihar, urtarrilaren11a, 11:00etatik 12:00etara artean sarrerak lortzeko.

PROGRAMAZIO GUZTIA HEMEN