Igo
  • 2019/10/31

Torrezabal liburutegia asteburu eta jaiegunetan ere zabalduko da, bihartik aurrera, ikasketa gela bezala erabiltzeko

Galdakoztarrek izango dute non ikasi asteburu eta jaiegunetan ere. Urtetan ikasleek egindako eskaera aintzat hartu, eta Torrezabal liburutegia ikasteko zabaltzea erabaki du udalak. Asteburu honetan bertan jarriko du martxan neurria: bihar, larunbatean eta igandean liburutegian ikasi ahalko dute ikasleek, goizetik gauera.


Hasiera batean, azaroaren 1etik uztailaren 10era bitartean egongo da erabilgarri zerbitzua. Balorazioa egingo da orduan, eta 2020-2021 ikasturteari begira moldaketak egitea beharrezkoa den erabakiko da.


Azterketa garaietan, ikasketa gelak bete egiten direla eta, leku gehiago egokituko dira. Erakusketa gela hartarako erabilgarri jarriko da azterketa garaietan, eta 50 leku gehiago sortuko dira horrela.


Zerbitzuaren nondik norakoak zuzenean azalduko zaizkie erabiltzaileei. Hartarako eta ikasleen iritziak jasotzeko, udalak batzar ireki bat egingo du azaroaren 21ean, 18:00etan, liburutegian bertan. Parte hartzeko deia egiten die udalak erabiltzaile guztiei.


🕥 Ordutegi zehatzak Azaroaren 1etik Uztailaren 10era:


✅ Astelehenetik ostiralera: ohiko ordutegia 08:30-20:30


✅ Asteburuetan eta jaiegunetan: 09:00-21:30


✅ Itxita egongo da abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1ean


✅ Uztailaren 11tik Abuztuaren 23ra: ohiko ordutegia