Igo
  • 2020/10/29

Tenis eta padel pistak, bidegorria eta skateparka, herritarrek aurrekontu parte hartzaileetan aukeratutako proiektuen artean

Sixta Barrenetxeako biribilgunea txikitzea eta Unkinako igerilekurako sarreran berogailua jartzea ere erabaki dute herritarrek, bai eta tirolina bat ipintzea, foko berriak, berogailua Urretako aldageletan, tenis kantxa bat, ping pong mahaiak, eta plastikozko tapoiak biltzeko ontziak ere.


Herritarren 979 botok hartu dute erabakia. Guztira udal aurrekontuetatik milioi bat euro zertara bideratu erabakitzeko prozesuan, herritarrek proposatutako 115 egitasmoetatik 11 gauzatuko dira; horietako asko, kirolari loturakoak. Hauek dira, hurrenez hurren, babesik handiena jaso duten eta beraz gauzatuko diren proiektuak:


1.- Tenis eta padel pistak. Galdakaon tenisean eta padelean aritzeko pista bana soilik daudenez, kirol hori herri guztian sustatzea eskatzen du proposamenak. 200.000 euroko aurrekontua du. 168 boto jaso ditu.


2.- Bidegorria. Aperribaitik Galdakao erdigunera bidegorria, Olabarrietatik, Bengoetxetik, Zuatzaurretik eta Urretatik igarota. Bizikletaren erabilera garraio garbi eta seguru gisa sutatzea du helburu proposamenak. 200.000 euroko aurrekontua. 166 boto jaso ditu.


3.- Skatepark bat Usansolon. Berriki eraiki den Emakumeen plazako belargunean skateparka eraikitzea proposatzen du; Etxebarrikoaren antzekoa egitea, edo U itxurako bat. Usansoloko haur eta gazteei begirako proposamena da. 150.000 euroko aurrekontua du eta 150 boto jaso ditu.


4.- Sixta Barrenetxeako biribilgunearen erradioa txikitzea. 200.000 euroko aurrekontua. 140 boto jaso ditu.


5.- Unkinako igerilekuaren sarrera berotzea. Unkinako kiroldegian, aldageletatik igerilekuraino korridorea hotza da. Dutxen gunetik igerilekurainoko bidean tenperatura aldaketa handia dago eta erabiltzaileak hoztu egiten dira. Eremu hori berotzeko, berogailu sistema jarri, haize korronteak ezabatu eta korridoreko sabaiak jeistea erabaki dute herritarrek, 138 botorekin. 80.000 euroko aurrekontua du.


6.- Tirolina. Usansoloko parke berrian tirolina, sokekin osatutako egitura edo kolunpio handi bat jartzea. 132 boto eta 20.000 euroko aurrekontua.


7.- Foko berriak Unkinako kiroldegian. Foko berriak jartzea eskatu dute herritarrek, onena led modukoak jartzea litzatekeela zehaztuta. Aurrezpen ekonomikoaz gain energetikoa ere ekarriko du. 138 botorekin onartu da eta 80.000 euroko aurrekontua du.


8.- Berogailua Urretako aldageletan. Urreta eskolako ikasleek gorputz hezkuntzako saioen ondoren derrigor dutxatu behar izaten dute. Erabiltzen dituzten aldagelak patio artean daude eta ez dute berotze sistemarik. Aldagela bakoitzean bi berogailu jartzeko proposamena onartu dute herritarrek, 97 botorekin. 30.000 euroko aurrekontua du.


9.- Tenis kantxak egitea. 15.000 euroko aurrekontua tu eta 92 boto jaso ditu.


10.- Ping pong mahaiak Berezikoetxen. 10.000 euroko aurrekontua duen eskaera onartu da, 22 botorekin.


11.- Plastikozko tapoiak batzeko ontziak. Aperribain, Galdakao erdigunean eta Usansolon plastikozko tapoiak jasotzeko edukiontziak jartzea onartu da. 15.000 euroko aurrekontua du proposamenak eta 17 boto jaso ditu.


Proposamen bakoitzak jasotako babes kopuruaren arabera aukeratu dira 2021eko udal aurrekontuetan txertatuko diren proiektuak. Udalak milioi bat euro gorde du herritarrek proposatu eta erabakitako egitasmoak gauzatzeko. Aukeratutako lehen 7 proposamenak boto gehien jaso dituztenak dira, eta 8.etik aurrera, milioira heltzeko geratzen den diruarekin gauza daitezkeenak dira. Hurrenkeran egokituko liratekeenak zerrendara gehituta gainditu egingo lukete milioi bat euroko aurrekontua, eta beraz, boto kopuruaz gain aurrekontua hartu da kontutan.


Guztira 1085 boto jaso dituzte proposamenek, baina baliogabeak alboratuta, 979 boto izan dira erabaki dutenak. Boto gehien gehienak (10etik 8), online eman dira. Bozketan parte hartu duten gehienak emakumeak izan dira (500), 477 gizonezkoak, eta 2 ez binario.