Igo
  • 2020/12/11

Tabernetako terrazetarako guneak handitzea baimenduko du Udalak

Tabernek berriz zabaltzeko aukera dutela eta, terrazak handitzeko baimena emango die Galdakaoko Udalak establezimenduei, pandemia garaian aurrez egin duen bezala. Oso egoera zaila pasatzen ari den ostalaritzari laguntza ematea eta distantziak mantentzeko neurriak erraztea da erabakiaren helburua, eta terrazak jartzeko guneak handitzeko, aparkaleku batzuk gutxituko dira. Urtarrilaren 11ra arte egongo da indarrean baimena, oraingoz. Eusko Jaurlaritzak  orduan jakinaraziko ditu neurri berriak eta, Udalak ere, egoeraren balorazioa eginda, erabakiko du zein erabaki hartu.


Terrazak handitzeko baimenarekin batera, honako eskaerak egiten dizkie Galdakaoko Udalak tabernari eta ostalariei:


➤ Bezeroek mahaiak erabili aurretik eta ondoren garbi egon behar dutela gogorararazten du Udalak. Segurtasun neurriak bermatze aldera, mahaiak garbituta edo desinfektatu gabe dauden adierazteko eskatzen du; mahaietan identifikatiboak jar daitezela garbituta edo garbitzeko dauden zehaztuta. Bi koloreko txanpon bat edo kartulina bat izan daiteke, adibidez: papera edo txanponaren alde gorria ikusten bada garbitu beharra dagoela adieraziko du, esaterako, eta berdea ikusten bada garbituta eta beraz erabilgarri dagoela.


➤ Ahal dela eskaerak mahaietan bertan egin daitezela gomendatzen da, eta, ezin den kasuetan, gehienez hiru pertsona egon ditezela barran aldi berean.


Mahaien arteko distantziak errespetatzea.


Ostalariengana bezala, herritarrengana ere zuzendu nahi du Udalak: datuek oso joera ona izan dute Galdakaon orain arte, eta horri eusteko ahalegin guztiak egiteko eskatzen die guztiei: arduratsu izateko norberaren, ingurukoen eta komunitatearen hobebeharrez. Aldi berean, lanean ari direnekiko errespetua eskatzen du, eta une gogorrak igarotzen ari diren ostalariei lana errazteko.