Igo
  • 2020/05/22

Tabernek terrazak jarri edo handitzeko eskaerak egiteko aukera zabalik dute

Alarma egoera eragiten ari den muga eta kalteak ahal den neurrian arintzeko helburuarekin, tabernek erabilera publikoko guneak baliatu ahalko dituzte terrazak jarri edo dituztenak handitzeko. Ez ohiko neurria alarma egoerak irauten duen bitartean egongo da indarrean, eta hainbat baldintzaren menpe egongo da. Eskaerak egiteko aukera zabalik dago.


Terraza horiek momentu bakoitzean agintariek ezarritako osasun eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte, aldameneko garajeen zein bestelako sarreren sarbidea libre utzi beharko dute, eta ezingo dute inolako eragozpenik sortu ez bizilagunengan ez aldameneko gainerako jarduerengan.


Uneotan ibilgailuak aparkatzera bideratutako galtzada zatiak erabiltzen badira, gune horietako bideetan ibilgailuek ezingo dute orduko 30 kilometroko abiadura gainditu eta are gehiago ere murriztu ahalko da abiadura.


Terrazak jarri ahal izateko edukiontziak edo bestelako hiri-altzariak lekuz aldatzea beharrezkoa bada udal zerbitzuek egingo dute aldaketa, eta teknikoki posible bada baimendu egingo dira aldaketa horiek. Aurrez jakinarazi beharko da behar hori.


Agintaritzaren agenteek hala agintzen badute, mahaiak eta aulkiak berehala kenduko dira. Segurtasun edo osasun publikoko arrazoiengatik agindu ahalko da mahaiak eta aulkiak kentzea, edota baimenaren baldintzak ez betetzeagatik. Gatazka egoerak edo arazoak sortzekotan, agintaritzaren agente horiek baimena bertan behera utzi ahalko dute berehala.


Aukera baliatu nahi dutenek eskaera idatziz igorri beharko dute herritarren arretarako Esan zerbitzura (esan@galdakao.net), baldintzak betetzeko konpromisoa espresuki adierazita.


Atxikita duzue erabakiaren berri ematen den bandoa, bere osotasunean.

TERRAZEN BANDOA