Igo
  • 2019/12/03

‘Soinu anitzak’ ozenago entzungo dira gaur Musika Eskolan

Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta Galdakaok modu alai, bateratu eta inklusibo batean gogoratuko du, egunerokoan etxe duen lekuan, Musika Eskolan.


Ez da kasualitatea. Galdakaoko Musika Eskola aitzindari da desgaitasun intelektuala duten pertsonekiko edo ikasteko zailtasunak dituztenekiko lanketan. Aniztasuna oinarri izanda, guztiak elkar aberasteko programa berritzailea du, eta programa horrekin 15 urte daramatza musikaren bidez inklusioa lantzen.


Ohiko musikoterapiaz gain, musika hizkuntza egokitua lantzen du, oso metodologia berritzaile batekin; desgaitasunen bat duten pertsonak musikaren munduan murgiltzea lortzen du, besteak beste, kolore eta tamainekin jolasten duen metodologia egokitu baten bidez.


Halakorik ez dago inguruan; bakarra da Bizkaian. Hartara, hainbat herritako ikasleak ditu formazio horretan: Durango, Basauri, Lezama, Lemoa, Larrabetzu, Zornotza, Arrigorriaga zein Arrankudiagakoak, esate baterako. Hiriburuan bertan ere ez dago halako metodologia berritzaile eta arrakastatsua duen eskolarik. Hortaz, herri guzti horietakoak diren eta desgaitasunen bat duten 33 pertsona daude, gaur egun, Galdakaoko Musika Eskolan; 5 eta 56 urte arteko ikasleak.


Zutabe asko ditu 15 urte dituen esperientziak: ikasleen familiak, musika eskola, udala, ikastetxeak eta desgaitasunen inguruko elkarteak. Guztien elkarlanarekin lortu da arrakasta, bi norabidetan: ikasleengan beraiengan eta gizartean.


Maiteder Lertxundi Musika Eskolako irakaslearen hitzetan nabari da eragina, eta asko. "Bakoitzaren autoestimuan ikusten da, euren buruekiko garapenean; baina horrez gain, gizarteratzen ere laguntzen die beraiei eta familiei. Normaltasuna ematen die eta eurek ere harro esan dezakete musika ikastera doazela gainontzekoek bezala. Horrek pertenentzia sentimendua sortzen du".


Musika Eskolako ohiko ikasleak dira 33 pertsona horiek eta "oso ilusionatuta" daude gaurko antolatutako ekitaldiarekin. Urduri. Ikasurtean eskolako ikasle askok landu duten proiektu baten emaitza izango da; gertukoa eta polita. Izan ere, eskola guztiaren apustua dago ekitaldiaren atzean, eta irakasle eta ikasle asko inplikatu dira bertan. Desgaitasuna zer den lantzen aritu dira ikasgela askotan, ipuinen eta bestelakoen bidez. Hausnartu ondoren, nork bere ideia batzen duen esaldia eman dio irakasleari, eta horrela, ikasleren ekarpenekin, abesti bat egin dute: Soinu anitzak. Esaldiak biltzen dituen power pointa erakusten duten aldi berean kantatuko dute, gaur arratsaldean, Soinu anitzak abestia ehundik gora ikaslek.


Eskolaren barne mailako ekitaldia izango da, ikasleek kontzientzia hartzeari begirakoa, eta guztien artean ilusioz egina. "Gizartearen aniztasuna lantzen ari gara musika eskolan, eta udalaren laguntza ere badugu", adierazi du Lertxundik. "Galdakaoko Udala inklusioa lantzen duen udala da eta hori guztiontzat da aberasgarria".