Igo
  • 2021/10/20

Skate lehiaketa eta elkarlanean egindako graffitia, asteburu honetan, III Graffestan

2018ko eta 2019ko arrakastaren ondoren, eta pandemiaren eraginez iaz etena izan ondoren, Graffesta Galdakaora itzuliko da asteburu honetan.
Hainbat dira graffiti munduan aritzen diren gazte galdakoztarrak, eta, zaletasun hori ikusarazi eta zabaldu nahian hasi ziren Graffesta antolatzen udalerriko hainbat txamietako gazteak eta Udaleko Gazteria arloak sustatzen duen Gdko-ko Txamiak programako hezitzaile taldea. Hortaz, graffitian aritzen diren gazteetatik harago, gazteriari bere osotasunean zuzendutako ekimena da.
Norabide horretan, bi jarduera egingo dira aurten Graffestan:
📅 Urriaren 23an, larunbata, skate lehiaketa egingo da Zuhatzuko Skate Parkean, arratsaldeko 16:00tatik aurrera. Jarduera hau La Kubierta elkartearen eta herriko beste elkarte batzuen laguntzarekin antolatuko da.
📅 Urriaren 24an, igandea, mural bat margotuko dute herriko hainbat graffitigileren artean, Urretako osasun zentroaren atzean dagoen tunelean. 11:00tan hasi eta egun osoan zehar gauzatuko den ekintza izango da.
Udalak Galdakaoko gazteak animatu nahi ditu Graffestako bi ekintzetan parte hartu eta horietaz gozatzera.