Igo
  • 2022/01/26

Sexberdinak, Geuretik Sortuak kultur ekimenaren emaitza, ikusgai bihar Torrezabalen

Sexberdinak, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreek antzezten duten lana da, Geuretik Sortuak ekimenaren baitan prestatu dutena. Ekimen honek eman dituen 5 antzezlanak, 5 film laburrak eta 16 eleberri laburrez osatutako liburuaren aurkezpena, Galdakaon ikusi ahal izango dira datozen hilabeteetan.

Udalbiltzaren kultur egitasmoa da Geuretik Sortuak. Galdakaoko Udalarekin hitzarmena egin ondoren, Euskal Herri osoan zabaldu zen proiektuaren parte izan da Galdakao. Euskal eta euskarazko kultur sormena bultzatzea du helburu egitasmoak eta sortu diren 26 proposamen artistikoak, Euskal Herriko 30 herri baino gehiegotan prestatu dira. Orain herri horietan proiektuak eman duen guztia ikusi ahal izango da.

Galdakaon Erlojupekoa film laburra grabatu zuten Bira Produkzioakek, Leire Egañaren zuzendaritzapean. Herritarrek parte hartzeko aukera izan eta ederki baliatu zuten. Gidoi tailerrean 10 lagun izan ziren eta aktore edo figurante gisa parte hartzeko castingean 70 inguruk.

Antzezlanen emanaldiak hasiak diren arren, Geuretik Sortuakek eman duen uztaren aurkezpena Otsailaren 11n egingo da Uztaritzen

Galdakaon hauek izango dira antzezlanen hitzorduak:

📅 Urtarrilak 27: Sexberdinak. Tanttaka teatroa. 
📅 Otsailak 10: Eresia. Lurra arin bekizu, ama. Oier Zuñiga
📅 Martxoak 3: Harri Minak. Berritza, Bonbon Beltz
📅 Apirilak 30: Trapu zikinak. Lore More
📅 Maiatzak 12: Bidaide. Metrokuadroka

Liburuaren aurkezpena, udaberriko Sormeneren baitan egingo da eta Garazi Albizua idazleak, eta eleberri labur baten egileak, parte hartuko du bertan.

5 Film laburrak, luzemetraia batean batuko dira eta edizio lana egiten ari dira, hortaz, Galdakaon grabatutako Erlojupekoa ikusteko, itxaron beharko dugu, oraindik.