Igo
  • 2022/04/29

Sei markesina jarriko dira udalerrian datozen asteetan; egokitze lanak egiten ari da Udala

Juan Bautista Uriarte kalean, Bengoetxen, Sixta Barrenetxean, Uraskan eta Elexalden markesinak jarriko dira aurki. Autobus geltokietan aterpeak ipini ahal izateko guneak egokitzen ari da Udala.

Lehenengo markesina Galdakao erdiguneko kale nagusikoa izango da: Juan Bautista Uriarte kaleko 47. zenbakian dagoeneko egin dira markesina jarri ahal izateko egokitze lanak. Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin egindako akordio bati esker, Aldundia izango da markesina hori ipiniko duena. Udalak gunea egokitzeko lanak egin ditu aste honetan, eta Aldundiak datozen asteetan jarriko du estalpea.

Gainontzeko markesinak Udalak erositakoak izango dira: Bengoetxen bi egongo dira, norabide bakoitzeko bana; Sixta Barrenetxean institutuaren aurrean jarriko da beste bat; Uraskan beste bat; eta Elexalden azkena.

Udal langileak, Juan Bautista Uriarteko geralekua egokitzeko lanak gaur amaituko dituzte eta astelehenean hasiko dira gainontzeko guneetako lurrak aztertu eta geraleku bakoitzean egin beharreko lanak egiten, ondoren markesinak ezartzeko. Estalkiak erosita eta ipintzeko prest daude.

Udal gobernuak bere gobernu planean jasota dituen 100 neurrietatik 4. puntua betetzeko pausua izango da.