Igo
  • 2021/05/27

Sei erabaki hartu ditu maiatzeko udalbatzak; tartean, 2022ko aurrekontu parte hartzaileetarako prozedura onartzea

Gaur arratsaldean egindako saioan, sei erabaki hartu ditu Galdakaoko udalbatzak, maiatzeko osoko bilkuran:

1- 2022ko aurrekontu parte hartzaileen prozedura. Datorren urteko aurrekontuetatik milioi bat euro zertara bideratu erabakiko dute herritarrek aurten ere, azken bi urteotan bezala. Prozedura aldatu egingo da, halere: aurreko urteetan herritarrek egindako proposamenei helduko zaie, herritarrek horiek sakon landuko dituzte lan taldeetan, eta egitasmo horien artean aukeratuko da, gero, botaketa bidez. Udal talde guztien aldeko botoekin eta atxiki gabeko zinegotziaren abstentzioekin onartu da proposamena.

2- Langile bati onartu zitzaion prima ordaintzeko prozeduraren epaitegiko espedientearen itxiera. Langile horri 2018an onartu zitzaion aurrejubilazioa eta horri lotutako diru-prima, baina ez zen gauzatu. Orduan utzita geratu zen gaia epaitegietara heldu da. Espedientea ixtea onartu du udalbatzak, prozedurak bere bidea jarrai dezan. Udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosen aldeko 11 botorekin eta oposizioan dauden EAJ, PSE eta atxiki gabeko zinegotziaren 9 abstentzioekin onartu da erabakia.

3- Zergak eta diru sarrerak kudeatu, bildu, ikuskatu eta zigorrak ezartzeko ordenantza aldatzea adostu da. Sistema modernizatu, eguneratu eta egokitzea da helburua, 2013tik egokitu gabe baitago. Prozedura herritarrentzako errazagoa eta ulergarriagoa egitea da helburua. Aho batez onartu da proposamena.

4- Akats bat zuen Gizarte Ekintza alorreko dirulaguntza bat zuzentzea onartu dute EAJkoak ez beste ordezkari guztiek. Konkurrentzia gisa onartu behar zen laguntza nominatibo gisa onartu izana zuzentzea onartu dute EH Bildu, Auzoak, PSE, Usansolo Herria eta Podemoseko 13 zinegotziek eta atxiki gabekoak emandako aldeko botoekin.

5- Eraikin publikoak garbitzeko kontratua beste bi urtez luzatzeko erabakia hartu da, aho batez.

6- Argiteria publikoa mantendu eta kontserbatzeko zerbitzua kontratatzea onartu da, aho batez. Hobekuntzak izango ditu kontratuak, eta margoketa eta konpontze zerbitzuak ere jasoko ditu. Lau urterako kontratua izango da, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.