Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Tximelarrerako lehenengo igogailua erabilgarri dago, auzokideei herriko zerbitzuak gerturatuz

Hirigintza eta obrak   2023/02/01

Tximelarre auzoko irisgarritasunean hobetzeko aurrera pauso garrantzitsua eman da gaur; izan ere, hainbat hilabeteko lanen ostean, gaur jarri da zerbitzuan Urretatik Tximelarrerako igogailua. Horren berri emateko bertara gerturatu dira Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Asier Egiraun Hirigintza zinegotzia eta Josu Artetxe, Pedro Perez eta Edu Medina Tximelarreko bizilagunak. 

Iñigo Hernandok nabarmendu duenez, kontuan izanda jende nagusia bizi dela, igogailua oso onuragarria izango da auzoarentzat, “auzoa herriko beste parte batzuekin lotzea” ahalbidetuko duelako eta Tximelarreko auzokideei herriko zerbitzuak gerturatuko dizkielako. Hemendik aurrera, bertako auzokideek errazago izango dute anbulatoriora, Urretako kiroldegira, eskolara edo erosketetara joatea. 

Asier Egiraun zinegotziak azaldu du gaur igogailua martxan jarri arren ingurua hobetzeko lan gehiago daudela egiteke. Igogailuaren pasarela argiztatuko da, esaterako, eta eskilarak dituen ondoko bidean arrapala jartzeko asmoa ere azaldu du. Ez hori bakarrik; jakinarazi du auzokideek eskatutakoari erantzunez beste igogailu bat egiteko lanean hasi direla: Lapurdi kalea Tximelarrerekin lotuko luke bigarren igogailu horrek. 

Tximelarreko bizilagunek urteetako aldarrikapena egi bihurtuta ikusi dute, igogailua jarri izana eskertu dute, eta azpiegitura gehiago eskatu dituzte norabide horretan. Hernandok eta Egiraunek esan diete auzoa hobetzen jarraituko dutela.