Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Anbulategira arteko igogailua eraiki dute Aperribain, auzoko irisgarritasuna nabarmen hobetuz

Hirigintza eta obrak   2022/11/10

Aperribai auzoko irisgarritasunean hobetzeko aurrera pauso garrantzitsua eman da gaur; izan ere, hilabeteetako eraikuntza lanen ondoren, gaur zabaldu da errepidetik anbulatoriora doan igogailua. Aperribain aurreikusitako bost igogailuetatik hirugarrena da martxan jarri dena; auzo malkartsu horretan azken hiru urtetan eraiki den hirugarren igogailua. Galdakaoko Udalak hiru milioi euro bideratu ditu, dagoeneko, horretara.

Horren aurkezpenean izan dira Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Asier Egiraun Galdakaoko Udaleko Hirigintza zinegotzia, eta baita Aperribaiko auzo elkarteko kideak ere. 
Iñigo Hernando alkateak esan duenez, “zor historikoa egon da Aperribairekin irisgarritasunari dagokionez”, eta “zor hori kitatzen” ari da Udala pixkana-pixkanaka. 

Ildo beretik, nabarmendu du “auzoak nortasun eta identitate propioa” daukala eta “merezi” merezi zuela irisgarritasun proiektuak aurrera eramatea. Proiektua gauzatzeko buru belarri aritu diren Udaleko teknikariei ahalegina eskertu die Hernandok, eta auzo elkarteko kideei ere eman dizkie eskerrak herria hobetzeko egiten duten lanagatik.

Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak azaldu du obrek milioi euro inguru kostatu dutela, baina beharrezkoa zela bertako auzokideei irisgarritasuna hobetzea. Gainera, gaur martxan jarri den igogailua anbulategiraino iristen da, eta beraz, mugitzeko zailtasun eta premia handiena dutenei emango die zerbitzua. Lan horiekin batera anbulategi sarreran anbulantzia batentzako lekua egokitu da, eta autoak uzteko leku gehiago ere prestatu dira, hurkoren bat sendagilearengana eraman behar duenak erraztasun gehiago izan ditzan. Argiteria hobetzen ere ari direla adierazi du Egiraunek, eta hemendik aurrera are gehiago hobetuko dela azaldu die bertaratu diren auzokideei. 

Laster Irubideko biribilguneko lanak eta metroa eraikitzekoak hasiko direla ere azaldu die Hirigintza zinegotziak auzokideei, eta “metroa Aperribaira datorrenerako auzoak irisgarritasun hobea” izango duela nabarmendu du. 

Aperribaiko auzokideak, bere aldetik, pozarren agertu dira auzoan hirugarren igogailua martxan jarri delako: “oso egun berezia da guretzat; denbora asko eman dugu borrokan”.