Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Santakurtzetako pregoilaria proposatzeko epea ekainaren 17ra arte dago zabalik

Jaiak   2025/06/10

Ondoren, herritarrek boto bidez aukeratuko dute pregoilari izateko proposatutakoen artean. Txupineroa Jai Batzordeak aukeratuko du

Udala eta Jai Batzordea Santakurtzetako jaiak prestatzeko lanetan aurrera doaz elkarlanean. Lehenengo, Galdakaoko jaietan izango diren kontzertu nagusiak iragarri ziren, laster aurtengo ospakizuna irudikatuko duen kartela ezagutuko da, eta gaur, ekainak 10, pregoia emango duen pertsona aukeratzeko lehen fasea hasi da.

Azken urteotan ohikoa bihurtu denez, herritarrek aukeratuko dute pregoilaria, parte hartze prozesu bidez. Lehen fase honetan, pertsona bakoitzak hautagai bakarra proposatu ahal izango du, datorren asteartera arte, ekainak 17. Hautagaien zerrenda osatu ondoren, Udaleko Kultura eta Berdintasun arloek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute eta behin betiko zerrenda egingo dute. Ondoren, hori argitaratu egingo da eta herritarrek euren botoa emateko epea irekiko da, ekainaren 25etik uztailaren 6ra.

Proposamenak eta boto ematea herritarren parte hartze plataformaren bidez egin ahal izango dira, baita Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian, Udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarriko diren hautetsontzietan ere. Proposamena eta botoa 16 urtetik gorako galdakoztar guztiek eman dezakete eta baldintza horiek betetzen dituzten pertsona guztiak proposatu ahalko dira Santakurtzetako pregoilari gisa. Udalak eta Jai Batzordeak ere bere proposamenak egin ahalko dituzte, emakumeen hautagaitzak egongo direla bermatzeko beharrezkoa baldin bada.

 

Txupineroa

Herritarren parte hartze prozesu honekin batera, txupina jaurtitzeaz arduratuko den pertsona ere aukeratuko da. Jai Batzordeak aukeratuko du pertsona hori, aurreko urteko jaietan parte hartu duten koadrilen artean zozketa eginez.

Horrez gain, pregoilariaren izendapenak baldintzatuko du txupinera aukeraketa generoari dagokionez: pregoilaria gizonezkoa bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak emakumezko txupineroa proposatuko du. Pregoilaria emakumea izatekotan, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak gizonezko txupineroa proposatuko du. Eta pregoilaria ez-bitarra bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak txupineroa nahi duen generoko pertsona proposatuko du. Berdin gertatuko da pregoilaria elkarte bat izatekotan.