Igo
  • 2022/06/07

Santakurtzetako jaietarako kartel lehiaketa martxan da; uztailaren 5a arte aurkeztu daitezke lanak

Aurtengo Santakurtzak iragartzeko erabiliko den kartela hautatzeko prozesua hasi da. Lehiaketan, interesatuta dagoen edozein pertsonak har dezake parte. Bi modalitate egongo dira: alde batetik, haur-gaztea modalitatea (2005 eta 2014 urteen artean jaiotakoak) eta helduen modalitatea (2005eko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotakoak).

Aurkeztutako lanek aurretiaz argitaratu gabeak behar dute izan, hau da, bestelako lehiaketan argitaratutakoek ezingo dute parte hartu. Kartelek 50x70ko neurria izan behar dute eta euskarri zurrunaren gainean muntatuta egon beharko dute. Kolorea eta teknika librea izango da eta nahitaez “GALDAKAOKO SANTAKURTZAK 2022. Irailak 9-18” leloa eraman beharko dute. Pertsona bakoitzak gehienez ere bi lan aurkeztu ahalko ditu Torrezabal Kultur Etxeko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailean 9:00etatik 14:00etara, uztailaren 5era arte. 

Lanek ezingo dute diskriminatzaileak izan sexu arrazoiengatik. Hori dela eta, testuetan lengoaiaren erabilera ez sexista egin beharko dute eta irudietan bi sexuen presentzia orekatua bermatua egongo da.  Era berean, lanetan inoiz ez dira onartuko, emakumeak objektu sexual baliran aurkezten dituzten irudiak, emakumeak gutxiesten dituztenak, edo horien aurkako indarkeria justifikatu edo sustatzen dutenak.

Lanak leloa idatzita eta izenperik gabe aurkeztuko dira, eta kartelekin batera, gutun azal itxi baten kanpoaldean, lelo berbera eta egilearen adina. Gutun azalaren barruan jasoko dira egilearen datu pertsonalak (egilearen izena, helbidea eta telefonoa) eta NANaren fotokopia, edo hamalau urtetik beherakoa balitz, bere nortasuna eta jaiotze data egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu publiko edo ofizial. 

Kartel irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du helduen kategorian, bigarrenak 400 eurokoa, eta sari berdina udalerriko lehenengo sailkatuak. Haur-gazteen kategorian, aldiz, udalerriko denda batean gastatzeko 100 euroko bonoa izango dute ondorengo adin tarteko irabazleek: 2012 eta 2014 urteen artean jaiotakoak, 2008 eta 2011 artean jaiotakoak eta 2005 eta 2007 artean jaiotakoak.

Saridunak bost kidez osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu eta azken erabakia uztailaren 15a baino lehen hartuko da. 

Oinarriak-elebidun-Bases-2022.pdf