Igo
  • 2020/10/01

Santa Barbara futbol-zelaia entrenamenduetarako prest dago berriro ere, bertan egin den garbiketa eta desinfekzio prozesuaren ondoren

Galdakaoko Udalak udal eskumenekoak diren kirol-instalazio guztiak erabiltzeko baimena eman du.

Luzaro itxita egon ondoren, Santa Barbara futbol zelaia eta Udalaren gainerako kirol-instalazioak zabalik daude berriro ere, entrenamendurako zein lehiarako.


Galdakao KEak erabiltzen dituen instalazioei dagokienez, erabilgarri egon ez den azken egunotan zabaldu diren informazioen harira, Galdakaoko Udalak argi utzi nahi du:




  • Santa Barbara futbol-zelaiaren egoera aspalditik datorrela, usoak harrapatu eta habiekin batera beste leku batera eramateko jarduketak hasi ziren garaitik alegia. Denbora luzea behar duen prozesua izanik, bertan behera utzi behar izan ziren kirol-instalazio horietako garbiketa eta desinfekzio-lanak, prozesua erabat amaitu arte.

  • Baimendutako taldeei entrenamenduetara itzultzeko aukera emango zien konponbide bat eskaintzeko asmoz, udalak Elexaldeko instalazioen behin-behineko erabilera adostu zuela Galdakao KEarekin, entrenamenduetarako behar den denbora bermatuz.

  • Bizkaiko Foru Aldundiak baimenduta, irailaren 22an eskola-kirola hasi eta beste talde batzuk itzuli zirela Elexaldeko instalazioetara, eta irailaren 24an Santa Barbara futbol-zelaia garbitu eta desinfektatzeko lanak hasi zirela, usoak eta habiak lekualdatzeko prozesua amaitu eta instalazioen egoera ebaluatu ondoren. Lan horiek guztiak atzo amaitu ziren, irailak 30, eta horrenbestez, gaurtik aurrera, Galdakao KE jarduerara itzul daiteke bere ohiko instalazioetan.



Santa Barbara futbol-zelaiaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak eskola-kirolaren etena bertan behera utzi ondoren, talde askok eta askok alarma-egoera aldarrikatu zenez geroztik itxita egon diren kirol-instalazioak erabili behar izan dituzte berriro ere.


Egoera honek, Eusko Jaurlaritzak eskolaz kanpoko jarduerarik ez antolatzeko egin duen eskaerarekin batera, nahasmendua eragin du herriko institutuak eta bestelako ikastetxeak zuzendu eta koordinatzen dituzten pertsonen artean.


Ohi bezala, Galdakaoko Udalak lankidetzan jarraituko du beste erakunde eta entitate batzuekin, baina aldi berean, egoera lehenbailehen argitzeko eskatu die foru-administrazioari eta Eusko Jaurlaritzari, aipatutako arduradunengan zein inplikatutako familiengan sortzen ari den gogogabetasuna eta ezinegona arintzeko asmoz.


Udalaren kirol-instalazioei dagokienez, udal eskumeneko ikastetxeetakoak barne hartuta, Udalak bere gain hartu du instalazio horiek mantendu, garbitu eta desinfektatzeko betebeharra, horiek guztiak erabiltzeko baimena emanez.


Udalaz kanpoko kirol-instalazioen kasuan, Galdakaoko Udalak ez du horien funtzionamendua baimentzeko eskumenik. Gure herriko zenbait klub eta taldek Udalaz kanpoko instalazio horiek erabili dituzte orain arte, baina horietako batzuk ireki ez direnez gero, beste instalazio batzuk eskatu behar izan dizkiote Udalari entrenamenduak egin ahal izateko, eskaera horiei guztiei behar bezala erantzuteko ordutegirik ez dagoelarik.


Egoera honetan, Galdakaoko Udalak bere esku dagoen guztia egingo du herriko kirol erakundeen beharrak artatzeko, eta bitartekari-lana ere egingo du taldeen, kluben eta Udalaz kanpoko kirol-instalazioen arduradunen artean, egungo premiei elkarrekin eta ahalik eta ondoen eta azkarren erantzun ahal izateko.