Igo
  • 2021/11/11

Salgai daude Galdakaon jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrerako sarrerak

Bizkaiko punta puntako sei bertsolari bere onena emateko ahaleginean arituko dira azaroaren 27an Galdakaon. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa jokatuko dute Urreta kiroldegian, 17:00etatik aurrera.
Etxahun Lekue, Xabat Galletebeitia, Aitor Bizkarra, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga eta Josune Aramendi arituko dira nor baino nor Urretan hilaren 27an, larunbatarekin.
Etxaun Lekue larrabetzuarra Bizkaiko final guztietara iritsi da 2002tik, eta txapela ere eskuratu zuen 2016an. Xabat Galletebeitia lekeitiarra da eta aurreko hiru Bizkaiko txapelketako finaletan kantatu du. Aitor
Bizkarrak, Abadinokoa bera, 2014an parte hartu zuen lehenengoz Bizkaiko txapelketan. 2018an finalean kantatu zuen. Hiruak zuzenean igaro dira Galdakaoko finalaurrera.
Galdakaon arituko diren gainerako hiru bertsolariak, Mungiako eta Getxoko kanporaketetako irabazleak eta txapelketan puntuazioz hirugarren geratu dena dira. Oihana Bartra bilbotarra Mungiako kanporaketa irabazita sailkatu da finalaurrerako. Bizkaiko txapelketetan beteranoa da, eta 2014an laugarren geratu zen.
Josune Aramendi Markina-Xemeingoa da eta 2018an parte hartu zuen Bizkaiko txapelketan lehenengoz. Aurten, Getxoko kanporaketa irabazita sailkatu da Galdakaorako.
Aitor Etxebarriazarraga gernikarra, berriz, 22 urterekin hasi zen bertsotan eta azken Bizkaiko txapelketetan parte hartu du. 2021eko txapelketan orain arte banatu diren puntuazioetan hirugarren geratu ondoren lortu du finalaurrerako pasea.
Galdakaoko saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, eta bertan salduko dira, agortu arte. Eguna iritsitakoan saldu gabeko sarrerak geratuko balira, Urretan bertan jarriko lirateke salgai azaroaren 27an, 16:00etatik aurrera.
Txapelketa Bilbon amaituko da abenduaren 18an, Miribillako Bilbao Arenan. Sei kanporaketa eta hiru finalaurrekoren ibilbidea amaitu ondoren iritsiko da final handia, eta finalaurreko horietako bat izango da Galdakaokoa.