Igo
  • 2021/06/25

Rockein musika talde eta bakarlarien lehiaketan izen emateko epea zabalik dago

Bederatzigarren urtez jarraian Basauriko Udalak Rockein musika lehiaketa deitu du, Galdakaoko, Arrigorriagako eta Laudioko udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lehiaketa Hego Euskal Herriko bakarlariei eta taldeei zuzendua dago.

Rockeinen izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 30era arte. Jasotako proposamen guztien artetik sei finalista aukeratuko ditu sektoreko profesionalek osatutako epaimahaiak; eta azaroaren 27an Basauriko Social Antzokian izango den finalean joko dute zuzenean. Gau horretan bertan erabaki eta emango du ezagutzera epaimahaiak zein diren 2021eko talde irabazleak.

Sarien artean daude EP baten grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa (bost abesti), bideoklip baten ekoizpena eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera.

Ohiko kategoriez gain (Sari Nagusia, Tokiko Artistarik Onenaren Saria eta Euskarazko Artistarik Onenaren Saria), aurten Eskarabilera Saria aurkeztu du antolakuntzak, publikoaren sariaren ordez: irabazteko hautagai izango dira gutxienez kideen %50 emakumeak dituzten taldeak.

2020an Rockeinek bere parte hartze errekorra gainditu zuen bosgarren urtez jarraian, 169 parte hartzailerekin, eta 2020ko azaroaren 20an Social Antzokian izan zen finalerako 250 gonbidapenak agortu egin ziren, finala itxiera perimetrala indarrean zen garaian egin arren. Lehiaketak bikoiztu egin du parte hartzea 2013ko lehen ediziotik.

Cecilia Payneek, aurreko edizioko talde irabazleak, prentsaurrekoan aurkeztu ditu sariaren ondorioz ekoitzitako lanak, bost abestiz osatutako EPa eta 'Sad Song' abestiaren bideoklipa (Rockeinen sare sozial ofizialetan ikusgai dago).

2020a urte zaila izan zen kulturarentzat. Baita Rockeinentzat ere. Finala atzeratu behar izan zuen, izen-emate epea luzatu... Zalantzez beteriko hilabeteak pasa zituen. Gero pandemiak gogor jo zuen berriro ere eta itxiera perimetrak iritsi ziren.

Baina Rockein antolatzen duten erakundeek azaroaren 20an finala egitea erabaki zuten, segurtasun neurri guztiak betez noski, urtez urte lehiaketan sinesten duten proiektu berrien alde egiten jarraitzeko. Finalerako gonbidapen guztiak agortu egin ziren, streaming bidez emititu zen bertaratu ezin izan zutenek ikus zezaten, eta parte hartu zuten taldeei erraztasun guztiak ematen saiatu zen antolakuntza. Oinarri indartsua duten proiektuek soilik duten sendotasunari esker egin zuen Rockeinek aurrera hain urte korapilatsuan.

Saria bera gauzatzea ez da errazagoa izan. Abesti berriak konposatzea, disko bat edo bideoklip bat grabatzea... ez dira lan errazak pandemia baten erdian egiteko, ezta atseginak ere. Hori dela eta, antolakuntzak aitortza egin dio Cecilia Payne taldeari; euskarazko bandarik onena izan zen Addar taldeari; eta grabaketa estudioari zein bideokliparen errealizadoreari, hilabeteotako lan guztiagatik. "2021ean hazten jarraitu nahi dugu eta Rockein hortxe egongo da talentuak musikaren munduan bidea egiten jarrai dezan", azaldu du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

- Gutxienez taldeko kideetako bat Hego Euskal Herrian jaioa izatea edo bertan bizitzea.

- Tokiko talde onenaren sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideetako bat Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Laudion erroldatuta egotea.

- Eskarabilera Sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideen %50 emakumeak izatea.

- Taldekideek 16 urtetik gora izatea.

- Izena emateko unean ez dezatela editaturiko disko bat baino gehiago izan, disko etxe batekin kontratua eduki ala ez.

- Abestiak originalak izatea.

-Musika estilo guztiak onartzen dira.

- Aurretik Rockeinen izena eman duten talde guztiek edizio berri honetan berriz parte hartzeko aukera dute, aipaturiko baldintzak betetzen dituzten heinean. Sariren bat irabazi duten taldeek ez dute saria lortu zuten kategorian bigarrenez saridun izateko aukerarik izango.

SARIAK:

Talde irabazlea

- EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.

- EParen 500 kopia diseinatu eta editatzea, CD euskarrian.

- Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.

- Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Tokiko talderik onena

- Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Euskarazko talderik onena

- Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.

- Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Eskarabilera saria

- Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Informazio gehiago:

www.facebook.com/rockein

Twitter: @rockeinrock

Lehiaketaren oinarriak www.basauri.eus webgunean