Igo
  • 2021/03/30

Puentelatorretik Unkinarako bidea itxita dago ibilgailuentzat poda lanengatik, eta aurrerantzean hala mantentzea aztertzean ari da Udala

Poda lanak direla eta autoentzat itxita dago Meatzeta bidea, behin behineko hesiekin. Oinezkoek eta larrialdi zerbitzuetarako ibilgailuek soilik igaro ahal dute Puentelatorre eta Unkina lotzen dituen bidetik. Hesitua dago ibilbidea, eta gainontzeko autoek galarazita dute bertatik igarotzea.

Egin beharreko lanengatik itxi da gunea oraingoz, behin behinean. Hala ere, ibilbide horren egoeraren inguruko hausnarketa egiten ari da Udala. Eremu hori ez da autoen etengabeko joan-etorrientzakoa, eta aurrerantzean ere igarobidea mugatzeko aukera aztertzen ari da.

Hala egitea erabakiko balitz, orain dauden behin behineko hesiak piboteengatik ordezkatuko lirateke. Ibilgailuentzat itxita geratuko litzateke bidea betirako, eta oinezkoek, bizikletek, larrialdiko zerbitzuek eta bertako bizilagunen ibilgailuek soilik igaro ahalko lukete bertatik aurrerantzean.