Igo
  • 2019/09/12

Prozesu parte hartzaile batekin erabakiko da Haurreskolaren arazoari behin betiko konponbide integrala nola eman

Aurreko udalaren kudeaketaren ondorioz haurreskolan sortutako arazoari presazko irtenbidea eman dio, oraingoz, Galdakaoko Udalak. Behin behineko neurriak hartu ditu, baina irtenbide integral bat aurkitzeari begira jarrita. Prozesu parte hartzaile baten bidez, auzian inplikatuta dauden eragile eta erabiltzaileek erabakiko dute arazoa nola konpondu.


Agirre Lehendakariaren plazan eraikin berria sortu zuen aurreko udalak. 830.000 euro erabili zituen horretarako. Baina Bizkai kaleko eskola zaharrak zuen arazoa ez zuen konpondu: 18 haur lekurik gabe geratu ziren. Udal berria, gurasoekin, Haurreskolen Partzuergoarekin eta udal teknikariekin konponbide bila aritu da. Eta hainbat elkarrizketa eta negoziazioen ondoren, Bizkai kaleko antzinako hezkuntza zentroa irailaren 18an ireki dadin lortu du. Bertan hartuko dira, behin behinean, eraikin berriko leku murritzaren ondorioz plazarik gabe geratu diren haurrak.


Hori ez da helburua, ordea. Udal gobernuak konponbide integral bat eman nahi dio auziari eta horri begira jardungo du. Eta ez nolanahi: prozesu parte hartzaile baten bidez erabakiko du aterabidea. Hainbat aukera daude mahai gainean: Agirre Lehendakariaren plazako haurreskola handitzea eta haurreskolarako beste leku bat bilatzea, besteak beste. Edozein kasutan, auziak zuzenean eragiten dien eragileen iritziek erabakiko dute eskolaren etorkizuna.