Igo
  • 2020/11/30

Premia handiena dutenentzako etxebizitzak eraikiko ditu Galdakaoko Udalak: 60 bizitoki, hileko 150 eta 180 euroren truke

"Lehen aldia da Galdakaok etxebizitzak ikuspegi sozialetik kudeatuko dituena". Hitz horiekin azaldu du Iņigo Hernando alkateak iragarri berri duen egitasmoaren garrantzia. 60 zuzkidura-bizitoki eraikiko ditu Galdakaoko Udalak Ibarluze eta Zabalea kaleen artean dagoen aparkalekuaren ertz batean, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Beharrik handiena duten herritarrentzako bizitokiak izango dira, erabiltzaile bakoitzak gehienez bost urtez erabili ahalko dituenak, hilean 150 eta 180 euro ordainduta. Etxebizitzak eraikiko diren lekuan bertan egindako agerraldian eman dute neurriaren berri alkateak berak, Nerea Orozko Etxebizitzarako zinegotziak eta Ray Mendiburu arkitektoak. Urrats garrantzitsua izango da iragarritakoa, baina ez bakarra, Orozko zinegotziak jakinarazi duenez; bizitoki sozialak izateko bidean neurri gehiago etorriko direla azaldu du.


Bizilekua izatea giza eskubidea dela gogoratu du alkateak, eta administrazioek hori bermatzeko lan egin behar dutela. Galdakaon, ordea, etxebizitzak arazo izaten jarraitzen du, ez direlako neurriak hartu premia handiena dutenei irtenbideak emateko. "Etxebizitza behar bat bezala ulertu behar da", azaldu du politika aldaketaren zergatia Hernandok.


Bide horretan hilabeteak darama lanean Udalak; lehentasuntzat du, eta gobernu planean hala jasoa du 50. puntuan: "Etxebizitza sozialen plana sortu". Lan horrek eman du lehen fruitua eta, urtebeteko kudeaketari esker, Eusko Jaurlaritzarekin Galdakaon inoiz lortu ez zen akordioa lortu du: premiarik handiena dutenentzako bizilekuak eraikitzeko 2.400.000 euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzatik.


Baliabiderik gutxien izanda, behar handiena dutenentzat begirakoa da neurria, Orozkok azaldu duenez. Gazteak, bikotekidearengandik banatzearen ondorioz etxebizitza ordaindu ezinik geratu direnak, bortxakeria matxista jasan duten emakumeak, migranteak, hipoteka ezin ordainduta kalean geratu direnak zein langabetuak, eta elbarritasun fisiko zein psikikoak dituztenak dira hartzaile nagusi izan daitekezkeenak.


Gehienez bost urtez egon ahal izango dute etxebizitza horietan, eta tarte horretan euren egoera hobe dezaten saiatuko da. Inork prekaritate horretatik ateratzea lortuko ez balu, bestelako irtenbide bat bilatuko litzatekeela zehaztu du Etxebizitza zinegotziak: ez dugu inor kalean utziko. Zentzu horretan lanean ari direla gaineratu du. "Bizileku sozialen bidean lehen pausoa da hau", zehaztu du; "oso pauso garrantzitsua da, baina ez da bakarra izango".


Mendiburu arkitektoak etxe horien nolakotasunen berri eman du. Lau solairu izango dituen eraikinean 60 etxebizitza sortuko dira, honela banatuta:


- Logela bakarrekoak: 42 metro kuadro izango dituzte eta hilean 150 euroko kanona ordaindu beharko da horietan bizitzeko. 43 bizitoki.


- Bi logelakoak: 53 metro kuadro erabilgarri, hilean 180 euroren truke. 16 bizileku.


- Elbarritasun fisiko edo psikikoak dituztenentzat: 56 metro kuadro izango dituzte, erabat egokituta. Hilean 150 euroren truke erabili ahal izango da. Bizitoki bat.


Galdakoztarrek etxebizitza sozialak eskatuz egindako izapideak aintzat hartuta egin da banaketa hori, baina premiak aldatzen direla ikusiko balitz banaketa ere aldatuko litzateke.


Proiektua gauzatzeko epeei buruz ere mintzatu da Mendiburu. Egitasmoa egiteko plan berezi bat onartu behar da lehenik, zortzi bat hilabete eska ditzakeena; ondoren, proiektua egin eta idatzi behar da, beste zortzi hilabete inguru behar izaten dituena. Lanak egiteko, 18 hilabete gehiago beharko dira.


Bien bitartean, bizitokiak kudeatzeko akordioa egingo da Eusko Jaurlaritzarekin eta erabilerarako arauak zehaztuko ditu Udalak. Hori bai, argi utzi du bizileku guzti horiek galdakoztarrentzat izango direla.


Kezka sortu dezakeen beste galdera bati ere erantzun dio: aparkalekua ez da kenduko. Baliteke proiektuaren ondorioz aparkaleku gutxi batzuk galtzea, baina aparkalekuak areagotzea da uneotan indar gehien duen aukera. Etxebizitzak egiteko autoentzako bi ilara kenduko diren arren, lurrazpian aparkalekuak gehitzeko aukera du mahai gainean Udalak; egun dagoen parkinaren azpian beste horrenbeste plaza sortzea etxebizitzaren obrak egiten direnean.