Igo
  • 2021/11/12

Pontzi Zabalan arrapala mekanikoak egiteko lanen lizitazio prozesua abiatu da

Pontzi Zabalan arrapala mekanikoak jartzeko lanak egingo dituen enpresa aukeratzeko prozesua martxan dago. Zabaldu da enpresek proposamenak egiteko garaia. Bi norabidetako arrapala mekanikoa da eraiki beharko dutena, gehienez 1.174.401,42 euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta lanak hasten direnetik 36 astera amaituta egon beharko du, gehienez. Arrapalarekin batera, zaborrak lurpean biltzeko sistema ere jarri beharko du martxan enpresak.
Pontzi Zabala irisgarriago egiteko lanen lehen fasea da orain esleituko dena: igogailua heltzen den lekutik goragoko garaje irteerara arteko arrapala mekanikoa eraikitzekoa. Bi norabidekoa izango da gailua: igotzekoa bata, eta jaistekoa bestea. Izan ere, igotzeko neketsua da Pontzi Zabalako aldapa, eta jaisteko arriskutsua.
Lanen konplexutasunagatik egingo dira obrak faseka. Hain zuzen, kalea zulatu beharko dela baliatuta, zabor bilketa neumatikorako sistama ere ezarriko da. Zaborrak lurrazpitik bildu eta garraiatzeko sistema hori ez dago jarrita inguru horretan.
Beraz, egungo igogailutik gorako lehen arrapala jartzeko eta errepidearen beste aldean zabor bilketa mekanikoa ezartzeko lanak dira orain esleituko direnak. Aurrerago etorriko dira kalearen gainaldera iritsiko den arrapala mekanikoa ipintzeko lanak.
Lizitazio aldia abiatuta, lanak egiteko interesa duten enpresek abenduaren 7ra arte dute proposamenak eta eskaintzak aurkezteko.
Kaleen irisgarritasuna eta herritarren mugikortasuna errazteko neurria gauzatuta, Udalak bere gobernu planeko 9. puntua eta 14.a betetzeko beste urrats bat egingo du.
Lizitazio prozesua abiatuta, datorren urtean egingo dira eraikitze lanak.