Igo
  • 2022/04/20

Pontzi Zabalako lehen arrapala mekanikoa eraikitzeko lanak maiatza amaieran hasiko direla aurreikusten da

Pontzi Zabalan lehenengo arrapala mekanikoa jartzeko lanak aurki hasiko dira: obrak maiatza amaieran edo ekainan hasiko direla aurreikusten da. Dagoeneko sinatu da kontratua 1.158.781,89 euroren truke, eta enpresak hilabeteko epean hasi behar ditu lanak. Lehen eginbeharrak plano gainean egitekoak dira, eta ondoren ekingo zaie kaleko obrei; maiatza amaiera edo ekaina hasieran izango dela aurreikusten da. Dena ondo bidean, urtea amaitu aurretik martxan egongo da lehen arrapala hori.

Pontzi Zabala kale aldapatsua irisgarriago egiteko lanen lehen fasea da hilabete barru eraikitzen hasiko dena: egungo igogailua heltzen den lekutik goragoko garaje irteerara arteko arrapala mekanikoa eraikitzeari dagokiona. Bi norabidekoa izango da gailua: igotzekoa bata, eta jaistekoa bestea. Izan ere, igotzeko neketsua da Pontzi Zabalako aldapa, eta jaisteko arriskutsua. Beraz, proiektua garestitu eta denboran luzatzea eragingo duen arren, arrapala bi norabidetakoa egitea erabaki du Udalak, adineko pertsonen eskaerak aintzat hartuta. Hain zuzen, lanen konplexutasuna eta kostua dela-eta erabaki du Udalak obrak faseka egitea. 

Bestetik, kalea zulatu beharko dela baliatuta, zabor bilketa neumatikorako sistama ere ezarriko da Pontzi Zabalan. Zaborrak lurrazpitik bildu eta garraiatzeko sistema hori ez dago ezarria inguru horretan, eta arrapala mekanikoen lehen zatia jartzeko fase honetan ipiniko da. Beraz, egungo igogailutik gorako lehen arrapala jartzeko eta errepidearen beste aldean zabor bilketa mekanikoa ezartzeko lanak dira hilabete barru hasiko direnak. Aurrerago etorriko dira kalearen gainaldera iritsiko den arrapala mekanikoa ipintzeko lanak.

Kaleen irisgarritasuna eta herritarren mugikortasuna errazteko neurria gauzatuta, Galdakaoko Udala bere gobernu planeko 9. puntua eta 14.a betetzeko beste urrats bat egiten ari da.