Igo
  • 2021/09/24

Plazakoetxeko biribilgunean trafikoa hobetzeko lanak hasi dira; oinezkoentzako pasabide berri bat ere jarriko da

Plazakoetxeko biribilgunean trafikoa hobetu dadin, hainbat aldaketa egingo dira. Biribilgunean sartzeko semaforo gehienak kendu egingo dira, jarioa erraztu dadin, eta errepidearen bi aldeak gerturatzeko, pasabide berri bat egingo da: zebrabide eta semaforo berri bat. Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean egingo dira lanak, eta honakoak izango dira aldaketak:


▶️ Txomin Egileor kaleko semaforoak kendu egingo dira, eta autoek ohiko biribilguneen arauekin jokatuko dute. Ezkerretik datozen autoen lehentasuna errespetatuko da, baina, ibilgailurik ez badator, itxaron beharrik ez da izango. Alferrikako buxadurak saihestuko dira horrela.


▶️ Juan Bautista Uriarte kaleko semaforoak kendu egingo dira eta autoek ohiko biribilguneen arauak jarraituko dituzte. Helburua bera da: alferrikako buxadurak saihestea.


▶️ Bilbotik datorren N-634 errepide nagusian, kendu egingo da biribilgune sarreran dagoen semaforoa. Apur bat lehenago, ordea, jarri egingo dira semaforoa eta zebrabidea. Errepidearen bi aldeak gerturatzea da aldaketaren helburua. Orain arte Musika Eskola ondoraino joan behar da errepidea gurutzatzeko, eta askoz gertuagotik egin ahalko da orain, biribilgune ondotik. Usansolorako bidean dauden zebrabidea eta semaforoa mantendu egingo dira.


▶️ Biribilgunea eta N-634 errepidearen loturan hormigoizko bi hesi ipiniko dira, oinezkoen segurtasuna bermatzeko.