Igo
  • 2019/12/02

Pentsidunen mugimenduaren mozioa onartu, eta haien baldintzak hobetzeko plan bat egitea onartu du Galdakaoko udalbatzak

Urtarrilean bi urte egingo ditu pentsiodunen mugimenduak. Astelehenero astelehenero ateratzen dira kalera baldintza duinak aldarrikatzera, baita Galdakaon ere. Aldarria denboran luzatzen ari dela eta, beste urrats bat egin nahi dutela azaldu dute pentsiodunek udalbatzan, eta konpromiso zehatzak eskatu dizkiote Galdakaoko Udalari. Mozioa aurkeztu dute EH Bilduren bidez, eta udalbatzak onartu egin du mozioa udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosen, zein Miguel Angel Martin zinegotzi independientearen babesarekin.


EAJk eta PSE-EEk pentsiodunen mugimenduaren mozioaren aurka bozkatu dute. EAJren esanetan "mozio gehienarekin ados" dagoen arren "gaiak nahasten" dituelako, eta PSE-EEk, PSOEren jarrera babesten duen emmendakina irakurri ondoren.


Bi alderdi horien ezezkoaz gain, aurrera egin du pentsiodunen mozioak, herritar asko batu dituen azaroko udalbatzan. Garrantzitsua izan da babesa pentsiodunen esanetan eta datu hotzak plazaratu dituzte zinegotzien aurrean babesaren premia azaltzeko: galdakoztarren %20,8 pentsiodunak dira, eta horien %40 baino gehiago pobreziaren mugan daude. Emakumeen zigor bikoitzaz ere ohartarazi dute.


Mozioa onartuta, adinekoen eta pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeko plan zehatz bat egitea onartu du udalbatzak, eta zerbitzuei eta prestazioei buruzko udal aholkularitza ematea; mendekotasun egoeran dauden pertsonen beharrak zerbitzu soziosanitario unibertsalaren bidez asetzea ere onartu du; pentsiodunen mugimenduaren aldarriak babestea; horien mobilizazioetarako deia egitea; eta onartutako mozioa Bizkaiko Foru Aldundira, Eusko Jaurlaritzara eta Espainiako Gobernura bidaltzea. Izan ere, pentsiodunen ustez, horiek guztien eskuetan daude pentsiodunen bizi baldintza duinak.


Beste erabaki batzuk ere hartu ditu azaroko udalbatzak. Esate baterako, Udal Euskaltegiko langileen ordainsariak eta Musika Eskolakoenak igotzea onartu du, eta udaleko langileen soldata ere igo egingo dela jakinarazi da. Urtarriletik %2,25 igoko da, eta uztailetik %0.25 gehiago. Horrez gain, %0,3ko igoera ere onartu da gehigarri ez-kontsolidagarri gisa, gardentasun eta modernizazio planari lotuta eraginkortasuna hobetzeko planaren barruan. Neurriak aho batez onartu dira.


Dirulaguntzen aurrekontua moldatzea ere onartu du udalbatzak. Besteak beste Argizai eskaut taldeak, Bengoetxeko auzo elkarteak, Adiskide pilota elkarteak eta Bagabiz euskara elkarteak egindako ekitaldiak ordaintzeko eta irratia martxan jarri berri duen Mozoilo elkartea laguntzeko egin da egokitzapena. Aho batez onartu da proposamena, baina EAJk irratiari akusazio gogorrak egin eta bertan zeuden Mozoiloko arduradunen haserrea eragin ondoren.


Azaroaren 25aren harira EH Bilduk aurkeztu zuen adierazpenak ez du aurrera egin, EAJren eta PSEren babesik ez baitu jaso eta adierazpen instituzionalak aho batez onartu behar baitira.