Igo
  • 2022/06/02

Parte hartzerako ordenantza lantzen ari da Udala eta herritarrek ekarpenak egin ahalko dituzte bihartik aurrera

Herritarren parte hartzea udal politikaren erdigunean kokatzea oinarritzat du udal gobernu honek, eta hala jasoa du bere gobernu planean, ehun neurri batzen dituen “Gero bat denontzat” planaren 67. puntuan. Egiteko modu hori egonkortu eta arautzeko helburuz, herritarren parte hartzerako ordenantza lantzen ari da.

Etorkizuneko ordenantzaren testuak, besteak beste, gai hauek jasoko ditu: herritarrek parte hartzearen esparruan dituzten eskubideak zehaztea (eskaerak egiteko eskubidea, proposamenak egiteko eskubidea, herri-ekimena, etab.), parte hartzeko organoen definizioa (sektoreko eta lurraldeko kontseiluak, foroak, behatokiak…), parte hartzeko tresnak (herri kontsulta, herritarren kontsulta, entzunaldi publikoa, etab.) edo herritarren eta Udalaren arteko lankidetzarekin lotutako bestelako alorrak (zerbitzuen kudeaketa komunitarioa, udaleko onura publiko izendapena, etab.) zein parte hartze digitala.

Ordenantza egin eta onesteko 10 hilabeteko lan prozesu bat diseinatu da. Honek hainbat fase ditu eta horietako batean baino gehiagotan udaleko arloek, herritarrek eta gizarte eragileek parte hartzeko aukera izango dute.

Prozesua legeak ezarritako kontsulta publikoko fasearekin hasiko da. Fase horretan, etorkizuneko ordenantzaren eraginpean egon daitekeen pertsona edo erakunde orok bere iritzia eman ahal izango du arau proiektuari buruz. Horretarako, ekarpenak jasotzeko espazio bat prestatu da parte hartzeko plataforman (erabaki.galdakao.eus). Hau ekainaren 3tik 17ra egongo da zabalik.

Ondoren, hiru bilera egingo dira, ekainaren 9an eta 23an eta uztailaren 14an, eta Galdakaoko herritar guztiei parte hartzeko gonbita egiten zaie. Hiru saio izango dira, eta ordenantzaren edukiak landuko dira, hiru multzotan banatuta:

  1. saioa (ekainak 9): herritarren ekimenak eta parte hartze prozesuak.
  2. saioa (ekainak 23): parte hartzeko eta kontsultak egiteko organoak eta mekanismoak.
  3. saioa (uztailak 14): ekintza komunitarioa eta lankidetza publiko-soziala.

Saioak udaletxean bertan egingo dira, 18:00etatik 19:30era.

Interesatuek erabaki.galdakao.eus plataformaren bidez eman beharko dute izena “Parte-hartze ordenantza” izeneko prozesuan, edo partaidetza@galdakao.net helbidera mezu bat bidalita, zein 688830479 zenbakira deituta edo mezua bidalita (whatsap edo Telegram).
Informazio gehiago erabaki.galdakao.eus webgunean.