Igo
  • 2021/03/22

Pandemia garaian herritarrak zaindu eta laguntzen jardun dutenekiko esker onez, plaka jarri du Udalak Ardanza parkean

Covid 19aren aurrean lehen lerroan jardun dutenei, herritarrak zaindu eta laguntzen aritu direnei eta komunitatearen balioa erakutsi dutenei esker ona adierazteko, plaka jarri du Galdakaoko Udalak Ardanza parkean.


Eskertza ekitaldi nagusia irailaren 14an egin zuen Udalak parkean, Santakurtz egunean. Etorkizunera begira jarrita zuhaitza landatu ere egin zuen orduan, eta plaka jartzeko konpromisoa hartu. Martxoaren 11n Munduko Osasun Erakundeak pandemia ofizialki izandatu zuela urtea bete zela baliatuta, eskertza berretsi eta plaka jarri du Galdakaoko Udalak.


Xumea izan da hartarako ekitaldia: iazko irailaren 14ko ekitaldian parte hartu zuten eragileetako ordezkaritza batekin batu da Iņigo Hernando alkatea eta eskerrak eman dizkie, berriro, momenturik gogorrenetan herritarrak laguntzen aritu ziren osasun langileei, garraio zein garbiketa lanetan aritu zirenei, zaintzaileei, dendariei, irakasleei, erresidentzietako langileei, udaltzainei zein Udal beharginei eta boluntarioei, besteak beste. Herria zaintzeagatik eman dizkie eskerrak, eta plaka erakutsi die.


Honakoa dio plakak:


"Eskerrik asko gu zaintzeagatik.
Gracias por cuidarnos.
Pandemia garaian zuen elkartasuna, eskuzabaltasuna, konpromisoa, zaintza eta maitasuna herritarrekin partekatu zenuten guztiei.
Nuestro agradecimiento a quienes nos mostrasteis el valor de la comunidad en los duros momentos vividos durante la pandemia. (Gure esker ona pandemia garaian bizitako momentu gogorretan komunitatearen balioa erakutsi zenigutenei)".