Igo
  • 2020/10/07

Oztopoak oztopo, Bizi Musika Galdakaon: Joseba Tapia, Oreka TX, LauSo eta Izaro, urriko lau larunbatetan

Zazpigarren aldia behar luke aurten Musika Bizian-ek, estaturik gabeko herrietako kulturen topaleku den musika jaialdiak. Covid-19ak, ordea, galarazi egin du urriko azken asteburuetako hitzordua aurten errepikatzea: "Prestatuta geneukana bertan behera utzi behar izan dugu, besteak beste, atzerritik etortzekoak ziren taldeek ezin dutelako etorri", azaldu du Jon Gomez Garaik, jaialdia antolatzen duen Andra Mari dantza taldeko kideak. Orain arteko eredua ere ezin zen errepikatu aurten: Musika Bizian-ek estaturik gabeko nazioarteko herrietako bost musika talde asteburu berean batzen ditu karpa baten azpian, jendetza batzen den eta harremanak estutzen dituen eredu batean. "Ezinezkoa zen aurten formatu berean errepikatzea", azaldu du Iņigo Hernando Galdakaoko alkateak.


"Alternatiba" topatu dute, halere, Andra Marik eta udalak: Bizi Musika. Urriko lau larunbaterako kontzertu bana antolatu dute. Euskal Herrikoak izango dira oraingoan talde guztiak, baina itzal handikoak horiek ere: Joseba Tapia, Oreka TX, LauSo eta Izaroren emanaldiak izango dira urriaren 10, 17, 24 eta 31n, hurrenez hurren, musutruk.


Andra Marik aspalditik antolatua zuen aurtengo Musika Bizian eta ez da erraza izan egoera berrira moldatu eta alternatiba topatzea. Zirrikitu askori irtenbidea emateko elkarlan handia behar izan da. Hain zuzen, dantza taldeari eskerrak eman dizkio Olaia Parra Kultura zinegotziak egindako "ahalegin eta lanagatik". Alkateak berak ere erakutsitako "malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna" txalotu du. Andra Mariko ordezkariak "malgutasunean egokitzeagatik" eman dizkio eskerrak udalari. "Denek egindako ahalegina eskertzen dugu; herri eta erakunde asko bertan behera uzten ari dira kultur ekitaldi guztiak baina ez da hori Galdakaoko Udalaren kasua", azaldu du Gomez Garaik kontzertu zikloa aurkezteko agerraldian. Hain zuzen, Galdakaoko Udalak irailetik abendura bitarterako 53 kultur emanaldi antolatu dituela gogoratu du.


Bizi Musikari dagokionez, honakoa da antolatutako egitaraua:


📅 Urriak 10: Joseba Tapia. 20:30ean Torrezabal Kultur Etxean.


📅 Urriak 17: Oreka TX. 21:00etan Torrezabal Kultur Etxean.


📅 Urriak 24: LauSo. 20:30ean Elexaldekko Andra Mari elizan.


📅 Urriak 31: Izaro. 20:30ean Torrezabal Kultur Etxean.


Kontzertu guztietako sarrera doakoa izango da Torrezabaleko edo elizako aforoa bete arte. Egungo egoerak eskatzen duen segurtasun neurri guztiak beteko dira, eta kontutan izan behar da aforoa ere behar horretara egokituko dela.