Igo
  • 2020/05/05

Ostalaritzako terrazak zabaltzeko erraztasunak emango ditu Galdakaoko Udalak

Ostalaritzako jardueraren itzulera errazteko helburuz, hainbat neurri biltzen dituen dekretua prestatzen ari da Galdakaoko Udala, eta, besteak beste, terrazei begira jarri da.


Itzulerarako planaren baitan protagonismo berezia hartu dute terrazek. Izan ere, maiatzaren 11tik aurrera, janaria eramateko ez ezik, terrazetan kontsumitzeko ere zabaldu ahalko dituzte ateak tabernek, nahiz orain arte onartuta zuten gaitasunaren erdia soilik onartuko zaien.


Galdakaoko Udalak itzulera erraztu nahi die taberna zein kafetegietako jabeei, eta horretarako, hainbat neurri onartuko ditu terrazekin lotuta. Alde batetik, terrazagatik ordaindu beharreko tasa normaltasun egoera itzuli bitartean salbuetsita uztea aztertzen ari da. Beste alde batetik, egin beharreko tramiteak erraztu egingo ditu, eta ondorioz, terraza iazko baldintza berdinetan jartzeko asmoa dutenek ez dute eskaera berria aurkeztu beharrik izango. Baldintzak aldatu nahi dituztenek epe mugarik gabe egin ahalko dute eskaera ESANen, telefono bidez zein emailez.


Horrez gain, udala prest dago egun eta ordu zehatz batzuetan kale batzuk oinezkoentzako bihurtzeko aukera aztertzeko, ostalariek horretarako interesa agertzen badute.


Udal ordezkari eta teknikariak datozen egunetan batzartuko dira ostalariekin neurri hauei buruz hitz egin eta bere iritziak jasotzeko; Usansolokoekin ostegunean batzartuko dira, eta Galdakaokoekin ostiralean.