Igo
  • 2020/11/17

Osasun krisi egoerak eragindako hizkuntz arrakala irauli eta haur eta gaztetxoek euskararekiko harremana berreskura dezaten, hainbat jarduera antolatu ditu udalak Bengoetxen

COVID-19 osasun krisiak eragindako egoeraren ondorioz euskararen erabileran izan duten galera eta hizkuntza eredu gabezia iraultzeko helburuz, hainbat ekimen eta esku hartze jarri dira martxan Bengoetxen, Galdakaoko Udaleko Hezkuntza eta Euskara arloak bultzatuta. Ekimen hauek udalerriko haur eta gaztetxoei zuzenduta daude batez ere.


Izan ere, martxoan alarma sanitarioa eta etxeko konfinamendua hasi zirenetik urruntze soziala nabarmena izan da, eta horrekin batera euskararekiko harremana ere nabarmen txikitu da familia askotan, hizkuntza arrakala handia sortuz. Haur eta gaztetxoei eragin die, batez ere, euskaraz bizi eta sozializatzeko zituzten espazio horiek mugatzeak, batik bat etxeko hizkuntza euskara ez duten familietan.


Arrakala hori ezabatu eta haur zein gatetxoek euskara egunerokotasunean bizitzeko aukera izan dezaten, tailerrak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak egingo dira, martxora bitartean. Udalak Bengoetxe auzoan duen modulu aurrefabrikatu berrian egingo dira ekitaldi gehienak. Jarduerak hiru publiko nagusiri zuzenduta egongo dira: 4 eta 11 urte bitarteko haurrei, familiei eta bizilagunei.


Honakoak dira egingo diren ekinaldien helburu nagusiak:


✅ Osasun krisiak sortutako hizkuntza arrakalari aurre egiteko estrategiak irakastea eta hartzaileen esku jartzea.


✅ Batez ere etxeko hizkuntza euskara ez duten haur eta gaztetxoei euskarara hurbiltzeko moduak eta erak erakustea.


✅ Familiei egoera latz honetan ere euskarak bere lekua izan dezakeela erakustea, eta familia esparruan egin daitekeenaren berri ematea: baliabideak eskaintzea.


✅ Haur eta gaztetxoek izan ditzaketen gabeziak eta beharrak hautematea eta horri erantzun egoki bat bilatzea.


Euskararekiko harremana sendotzea eta horretarako estrategiak bilatzea edo sortzea.


Sormena, adierazpena edo irakurketa sustatuz, genero ikuspegia, hizkuntzaren garrantzia, bizikidetza, euskarazko hezkuntza, aisialdia eta emozioen kudeaketa landuko dira, besteak beste.


Jarduera horiek segurtasun protokolo zorrotza izango dute, pandemiaren bilakaeraren ondorioz indarrean dauden osasun neurriekin bat datorrena, eta edukiera mugatua izango dute. Nagusiki arratsaldez egingo dira, 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera, eta aldez aurretik izena eman beharko da Bengoetxeko modulu horretan bertan, edo 688 75 58 07 telefono zenbakira astean zehar 16:00etatik 20:00etara bitartean deituta.