Igo
  • 2021/10/04

Oroimen bulegoa zabalduko da urriko asteazkenetan, 1936tik gaur arte izandako eskubide urraketen testigantzak batzeko

Galdakaon 1936tik gaur egun arte biolentziak eragindako eskubide urraketak aztertzeko lanean ari da Aranzadi giza zientzien elkartea, Udalaren eskariz. Informazio bilketa egin, eta erradiografia bat osatzea da helburua. Artxiboetan bilaketa lanean ari da horretarako Aranzadi, eta herritarrengana ere joko du. "Informazio guztia ez dago artxiboetan", argudiatu du Javi Buces Aranzadiko kideak; "urraketa askok ez dute dokumenturik". Hortaz, galdakoztarren informazio, datu eta testigantzak jasotzeko, oroimen bulegoa zabalduko da urriko asteazkenetan. Torrezabalen egongo da bulegoa, urriaren 6, 13, 20 eta 27an, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:30era.

"Gure herrian hainbat sufrimendu eta pasarte latz izan ditugu", azaldu du Iņigo Hernando alkateak. "Badakigu batzuentzat gogorra izango dela, baina jendea animatu nahi dugu bere kontakizunak ematera, herriak argazki integral bat izan dezan".

"Orain jasotzen ez dena etorkizunean ez da existituko", adierazi du Aranzadiko kideak, datu eta testigantzak ematearen garrantzian indar egiteko. Hain zuzen, 1936ko gerra bizi zutenen testigantzak jasotzeko dagoeneko zailtasunak daudela ohartarazi du; lehenago batu ez diren datu asko dagoeneko galdu direla. Eta gertuko historiaren berri orain emateko eskatu du, hargatik: berandu baino lehen kontatu daitezela motibazio politikoko indarkeriak eragindako mota eta jatorri guztietako urraketak, dokumentatu eta jasota geratu dadin. "Gure lana ez da errelatoa egitea, metodologia zehatz batzuk jarraituta erradiografia egitea baizik".

Horretarako konfidentzialtasuna ezinbestekoa dela zehaztu du Bucesek, eta Aranzadik hori zorrotz mantentzen duela: "Ez da beharrezko kamara baten aurrean kontatzea bere edo bere senideen sufrimendua. Batzuk nahiago dute idatziz kontatu, batzuk ez dute izenik eman nahi eta inizialak soilik jartzen dira.". Egoera guztiak kontuan hartu eta errespetatzen dira.

Garrantzitsua da jatorri guztietako testigantzak jasotzea, eta horretan ahalegin berezia egingo dute bai Udalak bai Aranzadik. Hain zuzen, Udalean ordezkaritza duten alderdi eta talde guzti-guztien babesa du egitasmoak. Hala adierazi zuten ekainean, Aranzadirekiko lankidetza aurkezteko agerraldian parte hartuta, EH Bilduko, EAJko, Auzoak-eko, PSE-EEko, Usansolo Herriako eta Podemoseko ordezkariek zein atxiki gabeko zinegotziak. Batasun horren garrantzia nabarmendu du alkateak.

Urriko asteazkenetan Torrezabalen egokituko den bulegoan, informazioa jasotzeaz gain, informazioa eman ere egingo da. "Batzuetan etortzen dira senideak, adibidez aitari buruzko daturik dugun galdetzen. Leku askotako datuak ditugu eta kasu batzuetan gertakariak argitzen lagun dezakegu".

Bestetik, gaiaren garrantziaz hausnartzeko, bi adituk hitzaldi bana ere egingo dute urrian, bi ostegunetan.

Honakoak dira bulegorako hitzorduak:

▶️ Galdakaoko Oroimen Bulegoa:

✔️ Egunak: urriak 6, 13, 20 eta 27, asteazkenak

✔️ Ordutegia: 10:00-13:00 eta 15:00-18:30

✔️ Lekua: Torrezabal Kultur Etxea, lehen solairua

▶️ Hitzaldiak:

✔️ Urriak 7, 19:00etan, Gandasegi Eskolan: "Biktimen politikak: azterketa kritikoa". (Jon Mirena Landa, EHUko Zuzenbide Penalekko katedraduna)

✔️ Urriak 14, 19:00etan, Gandasegi Eskolan: "Atzoko mugak, gaurko hesiak: migrazioak, erbesteratzeak, harrera eta gaitzespena Europa garaikidean". (Josu Chueca EHUko Historia Garaikideko doktorea)

▶️ Harremanetarako:

✔️Telefonoa: 943 466 142

✔️ Emaila: memoria@aranzadi.eus