Igo
  • 2019/12/10

Organikoen banaketa, konpondu gabeko arazoa

Birziklatu ezin den errefusa soilik gorde behar lukete zaborrentzako edukiontzi grisek. Hala da Galdakaon? Ondo bereizten dute galdakoztarrek? Ez. Duela pare bat aste egindako frogan, aztertutako edukiontzi griseko ia erdia zabor organikoa zen; %48a.


Karakterizazio hori Kurtzeko plazan egin zen azaroaren 28 arrratsaldean, jendaurrean. Galdakaoko edukiontzi gris bat hartu, eta barruan zuena aztertu zen. Hainbat tamainako 17 poltsa zituen edukiontziak eta guztiak aztertu ziren.


Poltsa horiek zabaldu, eta horietan zegoen zaborra behar bezala bereiztea izan zen ekintzaren xedea. Landare jatorriko hondakin organikoak batetik, papera eta kartoia bestetik, edukiontzi arinak, beirazkoak, aparatu elektriko eta elektronikoen hondarrak, eta sendagaiak. Azkenik, bestelako edukiontzietan bereiztu ezin diren hondakinak.


Kezkagarria izan da emaitza: edukiontzi grisean zeudenen %48 materia organikoa ziren, %23 papera eta kartoia, %16 edukiontzi arinak eta %2 gailu elektriko eta elektronikoak. %11 soilik izan ziren birziklatu ezin den zaborra.


Gaizki egindako beste zerbait ere bai: kantitate txikian izan arren, farmazietan utzi beharreko botika hondakin batzuk ere bazeuden aztertutako zaborren artean. Eta nabarmentzekoa da, baita ere, iraungi gabe zeuden jakiak ere bazirela, euren ontzi eta guzti. Jakiak alferrik galtzen uztearen arazoa mahai gaineratu du horrek, gizarteari eta ingurumenari kalte egiten dion jarrera baita.


Alderik onena, berriz, beirak eman du: beira hondarrik ez da aurkitu edukiontzi gris horretan. Bereizita biltzen hasi zen lehen materiala izan zen beira, eta egonkortuta dagoen banaketa da; ondo bereizten da.


Galdakaoko Udaleko Ingurumen arloaren ustez, datuek argi erakutsi dute herriaren egoera: "Datu hauek frogatzen dute hondakinak sortu eta jatorrian bereizteari dagokionean oraindik lan handia dagoela egiteko. Bereizte hori egiteko baliabideak badauden arren, oraindik badira hondakin guztiak edukiontzi grisera botatzen dituzten galdakoztarrak eta establezimenduak. Hondakin gutxien izan behar lituzkeen edukiontzia da grisa, eta bertan zeuden zaborren %11k soilik egon behar lukete edukiontzi horretan. Gainera, kontutan hartu behar da tratamendurik garestiena behar duen hondakin zatia dela errefusarena, eta 2030erako hondakinen %65 birziklatu beharko direla; hartara, hurrengo urratsei buruzko hausnarketa egin beharko da".