Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

“Oparitu Galdakao” txartela izango da Gu Dendari elkarteak eta Udalak Gabonetarako prestatutako kanpainaren ardatza

Sustapen ekonomikoa   2022/12/04

Gabonetarako gero eta denbora gutxiago falta denean, Gabonetarako kanpaina berezia aurkeztu dute gaur Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak; Javier Ibarretxe Ekonomia Sustapenerako zinegotziak eta Aitziber Bonilla Gu Dendari elkarteko lehendakariak.

Galdakaoko Udaleko Ekonomia Sustapenerako arloaren eta Gu Dendari elkartearen artean garatu dute Gabonetako kanpaina eta helbururik nagusiena galdakoztarrek herrian bertan erostea da, “herrikoa zaindu, bultzatu eta indartzeko”, Iñigo Hernando alkateak nabarmendu duenez. Ildo horretatik Hernandok esan du Galdakaok “eskualdeko erreferentzialitatea” berreskuratzeko lanean ari direla eta Udalaren izenean dei berezia egin die herritarrei herrian bertan eros dezaten eta bertoko merkataritza eta ostalaritza sarea indar dezaten;  “plataforma digital handietara” jo beharrean herriko merkataritza eta ostalaritzan erosteko deia egin du, “bertoko denda txikiek herria egiten dutelako, komunitatea egiten dutelako”.

Gaur aurkeztu den Gabonetako kanpainak hiru ardatz nagusi izango ditu: alde batetik, urtero egiten den tren turistikoa errepikatuko da abenduaren 26an eta 27an. Bestetik, herriko hainbat gunetan jarriko diren Gabonetako argiek herrian bertan geratzera gonbidatuko dute. Eta, horrez gain, “Oparitu Galdakao” txartela indarberrituko dute aurten, 20 eta 50 euroren truke edozein komertzio edo ostalaritzako establezimendutan erabiltzeko kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan. 

Aurten, gainera, berrikuntza polit bat egongo dela iragarri du Aitziber Bonilla dendari elkarteko lehendakariak: “Bertoko ginkana”. Galdakaoren inguruko galderak asmatzean datza jokoa eta abenduaren 19tik 23rako aste horretan jolastu ahal izango da, kalean jarritako QR kodeen bitartez. Bonillak iragarri duenez, jolasa amaitzen duten lehenengo 50 pertsonek 5 euroko opari txartela jasoko dute. 

Javier Ibarretxek, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Gu Dendari elkarteari urtean zehar egiten duen lanagatik; izan ere, hainbat dira Gu Dendari elkarteak antolatzen dituen ekintza edo egitasmoak, hala nola, bonodendak, aukeren azoka, pintxo lanperna lehiaketa… Halako ekimenen bidez herriko denda eta ostalaritza babesteko, 300.000 euroko laguntza jaso du aurten Gu Dendarik. 

Aurtengo Gabonetarako kanpaina bereziaren nondik norakoak emateaz gain, hurrengo urterako aurreikusita dituzten zenbait proiekturen berri ere eman dute: merkataritza guneak identifikatzeko seinaletika jarriko dutela jakinarazi dute, eta Gurean plataforman zenbait berrikuntza iritsiko direla.

Hortaz, Galdakaoko Udalak dei egiten die herritar guztiei Gabonetan ere erosketak herrian egin ditzaten, eta horrela, bertoko merkataritza eta ostalaritza babesteaz gain, herria bizirik mantentzen lagundu dezaten.