Igo
  • 2020/03/20

Oheak prestatu ditu Galdakaoko Udalak Gandasegi eskolan, osasun beharretarako

Alarma egoeraren barruan, eta Usansoloko Ospitaletik gertu egonik, osasungintzak Galdakaoren beharra izan dezakeela aurreikus daiteke. Horretarako antolatzen ari da Galdakao, eta eskaera heltzen denerako prestatzen ari da udala. Lehen neurriak hartu ditu dagoeneko: 20 ohe prestatuta ditu Gandasegi eskolan, eta, behar izatekotan, beste 30 jartzeko azpiegiturak ere prest ditu.


Herrian dauden aukerak udal teknikariekin aztertu ondoren hartu du erabakia udalak. Azterketek ondorioztatu dute Gandasegi eskola dela laguntza emateko egokitzeko eraikinik egokiena, eta, Gandasegiko zuzendaritzarekin hitz egin ostean, lan horri ekin dio udalak.


Gandasegiko psikomotrizitate gelan 20 ohe jarri dituzte dagoeneko. Beste sei gela ere egokitu dira, eta horietan 30 ohe gehiago jarri ahal izateko baliabideak prest ditu. Behar izan ezkero, loleku gehiago ere atondu ahalko direla aurreikusten du udalak. Lekua osasungintzaren esku utzi du udalak, beharren arabera erabili dadin.


Lekua eta oheak udalak prestatu ditu, baina izan du laguntzarik: Andra Mari dantza taldeak izarak utzi ditu behar dutenen eskura. Udalak eskerrak eman nahi dizkio taldeari, eta udalaren, elkarteen eta herritarren artean gauzatzen ari den elkarlana txalotu.


Sortu den egoera larriaren aurrean eskuak zabalik ditu Galdakaoko Udalak, eta elkar laguntzeko deia egiten die herritarrei ere.