Igo
  • 2021/06/19

Neurri batzuk arinduko dira gaurtik: merkataritza eta kultur jarduerak 02:00ak arte, txokoak irekitzeko baimena, ostalaritzan 6 pertsona mahaiko, eta publikoa kirol ikuskizunetan

LABIren Aholku Batzordearekin bildu ostean, Covidaren hedapena geldiarazteko prebentzio neurrien dekretua aldatu egingo dela iragarri zuen, atzo ostirala, Iņigo Urkullu lehendakariak.

Aldaketa horiek gaur, ekainak 19, jarriko dira indarrean, eta zenbait murrizketa malgutu egingo dira: besteak beste, merkataritza eta kultura jardueren ordutegiak luzatu egingo dira, kirol ikuskizunetan ikusleak egoteko aukera emango da, zenbait edukiera handitu egingo dira, eta txokoek zein gastronomia elkarteek irekitzeko baimena izango dute.

Hauek dira hartutako erabaki garrantzitsuenak:

✅ Jarduerak ixteko ordutegia gaueko ordu biak arte luzatuko da. Oro har, edukieraren muga % 60koa izango da.

✅ Edozein gizarte, kultur edo kirol ekitalditan, gehienez 600 pertsona egongo dira barruan eta 800 kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsonara egongo dira barnealdean eta 1.200 pertsonara kanpoan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten instalazioetan, gehieneko edukiera % 30ekoa izango da.

✅ Ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei lagun elkartzea ahalbidetzen da, bai kanpoan eta baita barruan ere, baina ezin izango da zutik edo barran kontsumitu. Barneko edukiera % 50ean mantenduko da. Apustu etxeetan ere berdin.

✅ Txokoak eta elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira, ostarlaritzaren irizpide berdinekin. Edukieraren muga % 50ekoa izango da, eta goizeko bederatzietatik gaueko ordu biak arte ireki ahal izango dira. Egun bakoitzean erreserbatutako mahai kopuruaren kontabilitatea jasota geratu beharko da.

✅ Aire librean egiten diren kultura, turismo edo natura bisitetan taldeek 20 pertsona elkartu ahal izango dute. Barnealdean 10 pertsona elkartu ahal izango dira.

✅ Barruko instalazioetako kirol jarduera 10 pertsonako taldetan egituratu ahal izango da. Aldageletako edukiera % 50era arte handituko da. Eskola kirolaren lehiaketak baimenduko dira udako txapelketetan.

Irizpide horien jarraipena eta ebaluazioa etengabea izango da, eta 15-20 eguneko epean berrikusiko da gehienez.