Igo
  • 2021/02/10

Nazioarteko elkartasuna oinarri duten foroak gaur eta bihar, on-line

Giza Eskubideen Defendatzaileen Babesari Buruzko Adierazpen Instituzionala onartu, eta Herri Babesarea ekimenarekin bat egin zuen Galdakaoko Udalak abenduko osoko bilkuran. Nazioarteko elkartasuna eta giza eskubideen urraketen aurreko sentsibilizazioa lantzeko apustua egin duten euskal udalen sareko kide bihurtu zen horrela Galdakao. Sare horren sentsibilizazio lanaren baitan, jardunaldiak izango dira egunotan. Internet bidez jarraitu ahalko dira hitzaldi eta hausnarketak, eta bertan parte hartzeko deia egiten die Udalak herritarrei.


Urrutiko kontuak dirudite nazioarteko gatazkak eta bertako biztanleek jasan behar izaten dituzten bizi baldintzak, baina gure bizimoduei estuki lotuta daude, eta beraz, guk ere badugu zer egin izugarrikeria haien aurrean. Horren adibide dira, esaterako, gure kontsumo moduak, elikadurari dagozkienak zein bestelakoak, lehen tokian-toki ekoizten zirenak, baina azken berrogei urteetan enpresa multinazional erraldoien esku geratu direnak. Herrialde batzuek besteekiko duten mendekotasunaren sortzaile dira ekoizpen mota horiek, eta baita elikagai zein mineral horiek ekoizten diren herrietan gertatzen diren giza eskubide urraketa larrien sortzaile ere. Eta guk, gure kontsumo ereduarekin, badugu zerikusia guzti horretan.


Halako egoerez ohartarazi eta kontzientzia hartzeko helburuz egin du bat Galdakaok Herri Babesarearekin, eta sentsibilizazio ekimen batean ari da egunotan: 2. Foro ibiltari birtualean parte hartzen ari da udalen sarearen esparruan.


Galdakaoko Udalaz gain, Andoaingo, Amorebieta-Etxanoko, Eako, Durangoko, Bilarko, Errenteriako, Hernaniko eta Laudioko udalek parte hartuko dute sentsibilizazioa helburu duten saioetan. Kolonbia, Honduras, Guatemala, Mexiko eta Mendebaldeko Saharako herritarren egoerak ezagutuko dituzte, on-line egingo diren foroetan. Gaur giza eskubideen defentsaren kriminalizazioa izango da hizpide, eta bihar, emakumeen eskubideak; atzo, lurra eta lurraldeen defentsa izan zen aztergai.


Honakoak dira egunotan herritar guztientzat zabalik egongo diren foroak:


- Gaur otsailak 10, 18:30ean: "Giza eskubideen defentsaren kriminalizazioa".



  • Libertad Korporazio Juridikoa (Kolonbia) - Adriana Arboleda

  • Justiziaren eta Bakearen Elizarteko Batzordea (Kolonbia) -Danilo Rueda

  • Preso Politikoekiko Elkartasunerako Lantaldea (Kolonbia) - Franklin Castaņeda

  • CEAR (Euskal Herria) - Leire Lasa


- Bihar, otsailak 11, 18:30: "Emakume defendatzaileak eta emakumeen eskubideak".



  • Saharako Emakumeen Batasun Nazionala-UNMS - Minetu Larabas

  • Sierra Madre Alianza ASMAC (Mexiko) - Isela Gonzalez

  • Emakumeen Ikaskuntzen Zentroa CEM-H (Honduras) - Suyapa Martinez

  • Euskal Herriko Bilgune Feminista (Euskal Herria) - Lur Morales Saitua


Saioak zuzenean jarraitzeko: https://www.facebook.com/pbi.ee/videos/3733330116746337/


Informazio gehiago eta igaro diren saioak ere helbide berean ikusi ahalko dira (baita atzokoa ere).


Udalak foroetan parte hartzeko eta kontzientziazioa lantzeko deia egiten die herritarrei.