Igo
  • 2020/03/25

N-634 errepidea airetik zeharkatzen zuen Urretako pasabidea kendu egin dute

Udalak gobernu planean agindu zuena beteta, kendu egin du Galdakao eta Bilbo lotzen dituen N-634 errepidea alderik alde airetik zeharkatzen zuen igarobidea.


Oztopo arkitektoniko handia zen pasabidea, mugikortasuna zailtzen zuena eta errepidea zeharkatzea askorentzat ezinezko egiten zuena. Izan ere, malkartsuak ziren errepidea zeharkatzeko igo beharreko lau arrapalak eta pertsona nagusientzat zein nolabaiteko mugikortasun arazoak dituztenentzat gainditu ezineko oztopoa zen. Hori dela eta, Ibaizabal kaleko alde bietan bizi diren herritarrek aspalditik eskatzen zuten pasabidea eraistea eta kexa horiengatik jarri zen errepidea zeharkatzeko semaforoa duela urtebete inguru.


Errepidea moztu, eta bart gauean kendu da erabat zubia. Kalearen alde bietako eskailerak ez dira oraindik eraitsi, baina hala egingo da aurrerago, eta gune berri bat irabaziko du horrela Urretak. Zugutzu aldeko eskailerak eraitsi egingo dira, eta ingurua atondu. Baita Urreta aldekoak ere. Kasu horretan, musika eskolaren aurrealdean espazio berri bat sortzea ahalbidetuko du horrek, eta bertatik Tximilarrera igotzeko beste eskilara batzuk jarriko dira.