Igo
  • 2020/02/21

Musika bandak bere sorrera omenduko duen denboraldi berezia aurkeztu du: “Dinamita Da Capo, ametsen eztanda”

Orain artekoarekiko desberdina izango da Da Capo musika bandaren aurtengo egitaraua; zabalagoa, aberatsagoa eta anitzagoa. Jauzi bat eman, eta, ohiko emanaldiez gain, Torrezabal kultur etxean taularatzeko programazio oso bat osatu du. Momentu onean dago banda, eta aurrera urratsa egin du. Aurrera egiteko unean, ordea, atzera begira jarri da; sorrerari begira.


Maxam lantegiaren lurretan egin du, hargatik, aurkezpena: banda sortu zen zoruan. 1887an jaio zen banda, Dinamita zen lantegian; bertako langileek osatu zuten, lantegiak herriarekiko zuen loturaren adierazgarri. Edu Madina historialariak azaldu duenez, baina, hori baino askoz sakonagoa izan zen herriarekiko lotura eta gizarte proiektu asko sustatu zituen enpresak. Hargatik diote estimu berezia Galdakaon.


Bandak denboraldi berezirako aukeratu duen izenak argi adierazten du sentimendu hori: Dinamita Da Capo. Una explosión de sueños. Ametsen eztanda. Olaia Parra Kultura zinegotziak azaldu du zergatia: "Ezin da ulertu Dinamita banda gabe, eta ezin da ulertu banda Dinamita gabe. Titulua da hemen zergatik gauden ulertzeko gakoa". Udalaren babesa du bandaren programazioak.


Luis Orduña Da Capoko zuzendariak programa honekin taldeak egingo duen "jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa" nabarmendu du. Izan ere, inoiz baino anitzagoa izango da Torrezabalen eskainiko duen kontzertu sorta. Publiko guztietara iristeko helburua jarri dio bere buruari, eta haurrak, gazteak zein adinekoak aipatu ditu.


Honakoa da Torrezabalen gauzatuko duen programazioa:


📅 Otsailak 29, larunbata, 13:00etan. "Dinamita Da Capo". David Rivas Dominguez konpositoreak espresuki ondutako lana. Aitor Aburto solista arituko da klarinetean. "Leherketa" agindu du zuzendariak, eta "musikatik haragoko" ekintzak iragarri ditu. Doan izango da, aforoa bete arte.


📅 Apirilak 26, igandea, 13:00etan. "Karrantzako Kijote jauna, Ezinezko ametsen zalduna". Ikuskizun berezia izango da, hitza eta musika uztartuko dituena. Ramon Barea aktorearen parte hartzea izango du.


📅 Maiatzak 30, larunbata, 13:00etan. "Berdintasunarekin amesten". Emakumeek presentzia berezia izango dute. Margarita Lorenzo arituko da zuzendari, eta Itxaso Alonso solista flautan.


📅 Azaroak 21, larunbata, 13:00etan. "Chez emballage!". Umeentzako ikuskizun berezia. Bi antzezleren laguntza mutuarekin ingurumena zaintzeko beharrari buruz arituko da.


📅 Abenduak 19, larunbata, 20:00etan. "La noche de." Galdakaoko musika bandaren eta Felix Linaresen gaua izango da. Durangoko Tabira musika bandaren laguntza ere izango du pelikuletakoa agindu duten emanaldiak.