Igo
  • 2021/03/12

Mugikortasun plana osatzeko herritarren iritzia jasotzen ari da Udala

Hiri Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunezko Plana (PMUSI) lantzen ari da Galdakaoko Udala. Plan integral bat, pertsonentzako, udalerrirako eta etorkizunerako mugitzeko modu hobe bat helburu izango duena. Diagnostikoa egiteko herritarren iritzia jasotzen ari da lehen fase honetan, eta uda alderako planaren proposamena mahai gainean izatea aurreikusten du Udalak.


Mugikortasuna, azpiegiturak eta garraioa antolatzeko plangintza eta diseinu tresna da PMUSIa, eta printzipio jasangarriak eta inklusiboak kontuan hartuta landuko da; irisgarritasun unibertsala, aukera berdintasuna, genero ikuspegia, belaunaldien arteko arrakalaren prebentzioa, ingurumenaren babesa, emisio kutsagarrien murrizketa eta osasuna izango du helburu.


Mari Paz Losada Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, bidez mugitzeko eta egiteko filosofia berri bat sustatu nahi du Udalak plan horren bidez; udalerria ulertzeko begirada berri bat. Azken batean, pertsonengan jarri nahi da mugikortasunaren fokua, eta ez soilik lanean, ikasketetan edo jarduera ekonomikoetan. Zentroa bizitzetan eta zaintzan ere kokatuko den plan bat da Udal honek nahi duena eta horretarako apustu garrantzitsua egin du.


100 neurri jasotzen dituen gobernu planaren 1. puntuak honako hau dio: "Mugikortasun plan berritzaile bat diseinatu eta gauzatzea". Beste hainbat puntu ere plan integral horren garapenean gauzatuko dira. Besteak beste, eskolara oinez edo bizikletaz joatea erraztuko duten hobekuntzak; auzoarteko autobusa; markesinak; aparkaleku publikoak; kale irisgarriak; igogailuak eta arrapalak; aparkalekuak; errepideak eta pasabideak; guztientzat irisgarriak, erosoak eta seguruak izango diren kaleak.


Hori guzti hori, gobernu honek berezkoa duen egiteko moduan egingo da, herritarrak entzunda. Gogoratu gobernu plan horren 67. puntua: "Herritarron parte hartzea udal politikaren ardatz".


Argi izanik erronka mugikortasun eredu jasangarriagoa, eraginkorragoa eta berdintasunezkoagoa lortzea dela, etorkizunerako proiekzioa herritarren beharrizanen arabera egin beharko da, eta horretarako herritarrak entzun eta partaide egin nahi ditugu. Horrela egin da alor honetan lanean hasi ginenetik, auzoetan informazioa eman eta ekarpenak biltzeko batzarrak eginda. Egiteko modu horri eutsiko diogu PMUSIa osatzeko fase guztietan, plan hori izango baita mugikortasun jasangarri eta hobe batera gidatuko gaituen iparrorratza.


Ainara Tellaetxe Ingurumen teknikariak azaldu duenez, hiri eredu osasuntsu, eraginkor eta iraunkor bat bultzatzea da egitasmoaren helburua, horrek galdakaoztarren bizi kalitatea hobetuko duelako. Horretarako, erronka hauek barnebilduko ditu: mugikortasun ez motorizatua lehenestea; garraio publiko erangikorra bultzatzea; irisgarritasun unibertsalerantz aurrera egitea; babes eta bide segurtasuna hobetzea; airearen kalitatea hobetu, energiaren kontsumoa eta kontaminazio akustikoa gutxitzea; eta herriko ingurunearen kalitatetik hasita, herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzea.


Helburu horri begira aztertuko dira, besteak beste, oinezkoen mugikortasuna, txirrindularien mugikortasuna, trafikoa, garraio publikoa, aparkalekuak, zamalana guneak.


Prozesua lehenego fasean dago, datuak bildu eta informazioren analisia egiten. Udalerriko mugikortasunaren egoera sakontasunean aztertuko da. Horretarako, mugikortasun ohitureei buruzko inkestak egiten ari dira telefonoz. Internet bidez ere egingo dira esteka honetan. Aldi berean, trafiko eta mugikortasunaren inguruan hainbat neurketa eta inbentario egiten ari dira. Horrez gain, hainbat elkarte eta kolektiboekin bilerak antolatuko dira, haiekin batera mugikortasunaren inguruko arazo eta erronka nagusiak identifikatzeko.


Informazio bilketa horren ostean egoeraren analisi integrala eta diagnostikoa egingo da. Bertan aztertuko dira, besteak bestes, lurraldearen ezaugarri geografikoak, baldintza sozial, demografiko eta kulturalak, eskualdean mutzitzeko garraio aukerak, ingurumenarekiko kalteak. Fase honetan tailer bat egingo da herritarrekin, atzemandako erronka eta arazoen aurrean irtenbideak bilatu eta adosteko.


Plangintza estrategikoa izango da hirugarren pausua eta bertan neurri integral, bideragarri eta koherenteak zehaztuko dira. Hemen ere funtsezkoa izango da herritarren partaidetza eta horretarako bigarren tailer bat egingo da.


Hiru fase horietarako hiruzpalau hilabete beharko dira eta plana diseinatuta geratuko da. Orduan, uda inguruan, kontsulta pulbikorako epea zabalduko da.


PMUSIa aurkeztu eta galdakaoztarren esku jarriko da, iradokizunakegiteko. Ekarpen horiekin osatuko da behin betiko PMUSIa, eta orduan iritsiko da neurriak inplementatzeko unea.


PMUSIaren inguruko informazioa modu jarraituan jaso nahi izatekotan, eman izena buletin digitalean: https://forms.gle/2DKLy5Vi83PonaJf8