Igo
  • 2019/09/18

Mugikortasun arazoak dituztenentzako guneak areagotuko dira asteburuko kontzertuei begira

Santakurtzetako bigarren asteburua jendetsua espero da Galdakaon, eta bereziki jendetsuak aurreikusten dira ostiral eta larunbateko kontzertuak. Emanaldi horiez persona guztiek gozatu ahal dezaten, gune berezia egokituko da kontzertuen kokaleku den Ardantza Lehendakariaren parkean, eta orain arteko eskaintza areagotuko da horrela.


Hiru gunetan egon dira egokitutako eremuak orain arte. Jaiak hasi zirenetik, mugikortasun arazoak dituztenentzat gordetako espazio berezituak izan dira Berezikoetxeko plazan, Kurtzeko plazan eta Santi Brouard plazan. Bertako ekintzen arduradunek bete dute pertsona horiek oztoporik gabeko guneetara bideratzeko lana.


Bigarren asteburuari begira, horientzako aukera zabaldu egingo da, gainera. Larunbat goizean artzai txakur txapelketa izango da Ardantza Lehendakariaren parkean; gauean, leku berean, Fangoriaren kontzertua. Eta ostiralean, Eskean Kristö, Itziarren Semeak eta Otuz taldeenak. Mugikortasun arazoak dituztenek leku pribilegiatu batetik gozatu ahal izango dute ikuskizun guzti horiez: Gizarte Ekintzaren eraikinaren gainean egokituko da eurentzako gunea; leku irisgarria Pontzi Zabala kaleko igogailutik igota, oztoporik gabea, eta eskenatokia ikusteko apartekoa.


Kokagune berria da eraikinaren gainaldekoa, aurreko urteetako kokaguneen arriskuak saiheste aldera aukeratutakoa. Gainontzeko ikusleen ondoan egokitu izan da, orain arte, mugikortasun arazoak dituztenentzako lekua. Baina adituek ohartarazi dutenez, arrisku ugari zituen. Jendetzaren artean egonik, elbarritasunak dituztenei ezinezkoa zitzaien komunera joatea edota eremu zehatz horretatik ateratzea. Eta, deserosotasunak ez ezik, segurtasun arazoak ere bazekartzan kokaguneak. Istripu edo ezustekoren bat gertatuz gero, jendetzaren artean harrapatuta geratuko lirateke mugikortasun arazoak dituzten horiek. Horregatik guztiagatik erabaki da Gizarte Ekintzako eraikinaren gainaldea egokitzea.


Eta, jakina, orain arte bezala, Berezikoetxeko, Kurtzeko eta Santi Brouard plazetan egingo diren ekitaldietan ere gordeko da mugikortasun arazoak dituztenentzako lekua.