Igo
  • 2021/04/28

Moyua Taldeak Gorozibairako aurkeztutako Xehetasun Azterketa errefusatu egin du Udalak, gabezia konponezinenak dituelako

Galdakaoko Udalak ez du onartu Moyua Taldearen parte den Uribarri 2014 S.L. enpresaren aldetik jaso zuen Xehetasun Azterketa, zuzendu ezin diren akats batzuengatik. Azterketa hori onartzeak hainbat lege eta dekretu urratzea ekarriko luke. Udala alde guztientzat mesedegarriak liratekeen beste aukera batzuk aztertzen ari da.


Lehen urrats hori onartu gabe, enpresak ezin du inolako lanik egin ezta lizentziak eskatzeko izapiderik egin. Honako argudio juridiko hauetan oinarrituta bota du atzera azteketa Udalak:


Xehetasun Azterketen ezaugarriak


Xehetasun Azterketen zehaztapenak zenbait lanetara mugatu behar dira: ordenazio zehatzen, bolumen antolamenduen eta alderdi eta ezaugarri estetiko jakin batzuen erregulazioak zehaztu, zuzendu edo osatzera mugatu behar dira. Inola ere ezin dituzte hautsi edo bazterrean utzi kasuan kasuko plangintzak horietarako ezartzen dituen aurreikuspenak. Galdakaoko HAPOk planeamendu tresna gisa Xehetasun Azterketa aurreikusten du.


Hala ere, Uribarri 2014 SL enpresak aurkeztutako Xehetasun Azterketak honako hau adierazten du: "Proposamen honen xedea da zonaldeko hirigintza gabeziak behar bezala konpontzea, jarduera bere ingurunean integratzea, zuzkidura publiko berrien espazioak zehaztea, lehendik zeuden eta mantendu nahi diren eraikinak legeztatzea, horretarako industria estentsiboen parametroak justifikazio gisara erabiliz eta lurzatiko jarduerak zonakatuz".


Horrela, hiri lurzoru bat garatu nahi da Xehetasun Azterlan baten bidez, hori arautzeko bidea hirigintza antolamendu xehatua denean; hala zehazten du Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 56.1 artikuluak.



2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa


Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 56.1 artikuluak berariaz adierazten du hiri lurzoru bat finkatu edo garatzeko izapide hori nahitaez egin behar dela hirigintza antolamendu xehatu baten bidez. Hau da, Plan Berezi baten bidez (jabeak edo Udalak bultzatutakoa) edo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntual baten bidez. Horregatik guztiagatik, enpresak aurkeztutako Xehetasun Azterketaren figura juridikoak ez du balio ezaugarri horiek dituen hirigintza garapeneko prozesuak gauzatzeko.


Lehendik zeuden eraikinak legeztatzea


Lurren aurreko jabea zen Basaņez Timber Industry S.L. enpresak industria pabiloi bat eraiki zuen UE-GO-3an, lizentziarik gabe, udal plangintzaren aurka, 2003ko urriaren 16ko 2372/03 zk.ko Alkatetzaren ebazpenetik ondorioztatzen denez. Hori eraisteko agindua eman zuen orduko Udalak (3094/04 zk), baina eraistea ez zen gauzatu. Xehetasun Azterketa batek ezin du legez kanpo sortu den eraikin bat legeztatu, enpresak nahi duen bezala.



123/2012 Dekretua, uztailaren 3koa, Hirigintzako Estandarrei buruzkoa.


123/2012 Dekretuan, Hirigintza Estandarrei buruzkoan, gutxieneko hauek ezartzen dira bizitokirakoak ez diren hiri lurzoru finkatugaberako: berdeguneak, espazio libreak, aparkalekua eta landaredia.


6.2 artikuluak berariaz aipatzen du ordenamendu xehetuaren bidez egokitu beharko direla arautegira dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako tokiko bizitokien estandarrak, finkatu gabeko hiri lurzoruen kasuetarako eta jarduketa integratuen bidez kudeatu beharreko hiri lurzoru finkatugaberako.


Hau da, Xehetasun Azterketa ez da baliagarria eremu hori garatu nahi izateko.



2159/1978 Errege Dekretua, ekainaren 23koa, Plangintzako Erregelamenduari buruzkoa.


2159/1978 Errege Dekretuaren 65.6 artikuluaren arabera, "Xehetasun Azterketek ezin izango dituzte Plan Orokorraren, Plangintzako Arau Osagarri eta Subsidiarioen eta Plan Partzialaren zehaztapenak jaso, baldin eta aldez aurretik ez badaude ezarrita".


Ildo beretik, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak esana du Xehetasun Azterketen helburua mendekoa eta osagarria dela, eta ezin dutela hirigintza antolamenduko hutsune bat betetzen saiatu, Planei dagozkien jatorrizko zereginak hartuz [2008ko uztailaren 30eko edo 2009ko urtarrilaren 26ko epaiak (8809/2004 kasazioa), Auzitegi Gorenaren 2012ko apirilaren 12ko Epaia]. Beraz, legez kontrakoak izango lirateke, bai Planarekin kontraesanean baleude, bai, haien mendeko helburua eta helburu osagarria gaindituta, hirigintza antolamenduaren hutsune bat betetzen saiatuko balira, planei dagozkien jatorrizko zereginak hartuz.


Hierarkia-printzipioa


Xehetasun Azterketak xedapen orokorren izaeraren parte dira, arau hierarkiaren printzipioa hertsiki betetzeko beharra baitute. Aurkeztutako Xehetasun Azterketak nabarmen gainditzen ditu hirigintza figura horren muga estuak, eta aipatutako Lurzoruari buruzko Legea, Hirigintza Estandarren 123/2012 Dekretua eta maila handiagoko 2159/1978 Errege Dekretua urratzen ditu.


Hori guztia dela eta, Uribarri 2014 SL enpresak aurkeztutako Xehetasun Azterketa atzera bota du Udalak, bestela jardutea legez kontra aritzea litzatekeelako. Une hauetan alternatibak bilatzeko lanean ari da Udala; zarata eta interes politikoez gain, alde guztientzako irtenbide onuragarriak aurkitzeko lanean ari da alkatea bera.