Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Motibazio politikoengatik giza eskubideak urratu zaizkien 503 herritarren kasuak dokumentatu ditu Aranzadik Galdakao Oroimena webgunean

Memoria historikoa   2023/02/03

1936. urtetik gaur arte motibazio politikoengatik Galdakaon edo galdakoztarrei eragin zaizkien giza eskubideen urraketen bilduma egiten ari da Galdakaoko Udala, Aranzadi zientzia elkartearekin. Hainbat testigantza eta dokumentazio batu dituzte Aranzadiko adituek Galdakao Gogora elkartearen laguntzarekin, datu horiek antolatu, eta webgunea sortu du: Galdakaooroimena.eus. Galdakoztarrak diren edo eskubide urraketa Galdakaon jasan duten 503 herritarren kasuak dokumentatu ditu. 

Egia, justizia eta erreparazioa norabidetzat hartuta, askotariko urraketak jaso dituzten herritarren kasuak erakusten ditu webguneak, bi ataletan banatuta: oroimen historikoa eta gertuko oroimena. 1936tik 1959 urte bitarteko gertaerak jasotzen ditu lehen atalak, eta bigarrenak, 1960tik gaur egun artekoak. Orain arte dokumentatutako 503 biktima horietatik 336k oroimen historikoarekin dute lotura, eta 164k gertuko oroimenarekin. Bakoitzak bere fitxa du webgunean eta nazioarteko araudiaren arabera jaso dituen urraketen zerrenda, horiek egiaztatzeko iturriak dokumentatuta.

Herriko memoria berreskuratzeko ariketa honek babes zabala jaso du hasieratik; Udalak Aranzadirekin elkarlanerako egindako akordioa Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek babestu zuten. Atzo iluntzean ere, babes zabala jaso zuen webgunearen aurkezpenak, bai alderdien ordezkaritzaren aldetik, herriko oroimenaren elkartearen aldetik eta bai biktima zein gainerako herritarren aldetik.

Hasitako bidean lanean jarraituko duela agindu zuen Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, “gertatutakoa berriro errepikatuko ez den gizarte hobe bat sortzeko”.

Jabi Buces Aranzadiko ikertzaileak oroimen osoa eta ez partziala izateko eskubidea aldarrikatu zuen, horretarako inpartzialitatea eta nazioarteko irizpideak oinarri izan dituztela adierazi zuen, eta Galdakaoko herritarren zein Udalaren jarrera ona txalotu zuen; “Izan ere, Galdakao da, Erandiorekin batera, horrelako ikerketa bat amaitu duen Bizkaiko lehen herria”.

Webgunea ikusgai dago hemen, eta zuzenketa zein ekarpen gehiagoren zain. Jasotako testigantzak lantzen ari da oraindik Aranzadi, eta hemendik aurrera gehiago jasoko dituen esperantza du. Udalak ere dei egiten die herritarrei webgunea begiratu eta euren ekarpenak egin zein testigantzak Aranzadiren esku utzi ditzaten.