Igo
  • 2021/11/25

Mota guztietako indarkeria matxistari aurre egiteko premia plazaratuko du Galdakaoko Udalak gaur, emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunean

Indarkeria matxistak aurpegi asko dituela eta horiei guztiei aurre egin behar zaiela ikustaraztea du ardatz aurtengo azaroaren 25ak, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunak. Aldarrikapen horrekin bat egin, eta hainbat ekimen egingo ditu norabide horretan Galdakaoko Udalak: adierazen instituzionala, solasaldia, jardunaldiak eta instalazio artistikoa.

Gaur, azaroaren 25a, osoko bilkura du Galdakaoko Udalak, eta adierazpen instituzionala onartuko du Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak ikusarazteko eta gizarteak guzti horiei aurre egiteko premia izango du ardatz adierazpenak. Izan ere, indarkeria matxista gizarteko esparru guztietan presente dagoen arren, oharkabean igarotzen dira, sarri, horietako asko: emakumeen aurkako indarkeria ekonomikoa, instituzionala, psikologikoa, judiziala, mediatikoa, bikarioa eta sexuala, besteak beste. Emakumeek jasaten dituzten indarkeria horiek guztiak, kontzienteak izan edo ez, egunero eta edonon ematen dira.

Patriarkatua oinarri duen gizartean hain sustraituta dauden indarkeria horiek desagerrarazteko, ezinbestekoa da horiek guztiak agerian jartzea. Izan ere, jokabide naturaltzat edo garrantzirik gabekotzat jotzen diren horiek aztertu eta eragiten dituzten ondorioak ikusi gabe, ez dira horiek gainditzeko neurriak hartuko.

Indarkeria matxistak hildako emakumeen berri izatean, larritu egiten dira herritar gehienak. Baina bortxa horretara daramaten beste portaera asko gertatzen dira egunerokoan, kaltegarritzat jotzen ez direnak, arinak diruditenak, edo, jokaera naturaltzat hartuta, oharkabean pasatzen direnak. Muturreko indarkeriarik bortitzenaren eguneroko hazia dira, ordea, jarrara horiek.

Azaroaren 25a, emakumeen kontrako indarkeria mota guztiekiko aurkakotasuna eta indarkeria hori sorrarazten duten eragile guztiekiko aurkakotasuna adierazteko eguna da. Bizitza aske, seguru eta burujabeak aldarrikatzekoa. Horixe da, hain zuzen, Galdakaoko Udalak adierazpen instituzionalean plazaratuko duen mezua.

Eta adierazpenaz gain, beste hainbat jarduera antolatu ditu Galdakaoko Udalak, Berdintasun Arloaren bitartez, egun horrekin lotuta:

▶️Indarkeria matxisten inguruko tertulia

📅 Azaroaren 26an Eperlandako eskolan (Aperribai)

▶️Jardunaldiak: Indarkeria matxistak. Hamaika aurpegi

📅 Abenduaren 13 eta 14 Torrezabal Kultur Etxean.

▶️Memoria eraikiz - Flores en el asfalto (instalazio artistikoa)

📅 Azaroaren 29 eta 30ean Torrezabal Kultur Etxean.

Emanaldien ordutegiak: 17:30 / 18:30 / 19:30

Hortzmuga Teatroak eta Mugarik Gabek elkarlanean egindako ekimenak zentzumenak pizteko eta enpatia areagotzeko bidaia emozionala proposatzen du. Diziplina anitzeko instalazio artistiko honetan, dantzak, soinuak eta argiztapenak esperientzia eraldatzailea bizitzera gonbidatzen dute publikoa. Espazio ez konbentzionaletarako antzerki bizipen bat da, munduko hainbat lekutan indarkeria matxistatik bizirik atera diren 28 emakumeren bizitza-istorioei buruzkoa.

Sarrerak doan har daitezke Torrezabal Kultur Etxean, 9:00etatik 14:00etara Berdintasun Sailean eta 14:00etatik 20:00etara Atezaintzan. Informazio gehiago mlezameta@galdakao.eus edo 944010528.